pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Goza ezazu Arazoan Musika zikloaz

Era askotariko doinuak, Santa Zezilia ardatz hartuta

Era askotako doinuak entzun ahal izango ditugu hilabete honetan zehar, Santa Zezilia eguna ardatz hartuta, ‘Azaroan Musika’ zikloaren baitan
 
Legazpin musika kultura handia dagoela esan beharrik ez dago. Askotariko eskola, talde eta musikariz josita baitago gure herria. Horregatik, ez da harritzekoa urte osoan udalerriko zeinahi txokotan musikaz gozatzeko aukera izatea. Alabaina, bada guztien gainetik nabarmendu beharreko hilabete bat: azaroa, alegia. Hilaren 22an Santa Zezilia eguna denez, egun horren jiran hamaika ekitaldi antolatzen dira, ‘Azaroan Musika’ izenpean. Herriko taldeekin elkarlanean antolatzen den zikloa da, eta Udalak ere zikloa osatzeko ekitaldiak antolatu izan ditu zuzenean. Urtero bezala, aurten ere, egitarau oparoa dugu.
Hilaren 1ean izan zen lehen kontzertua. “Blagovest Male Vocal Ensemble” taldearena, Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Jaialdian parte hartzen duen talde bielorrusiarrarena, hain zuzen. Hilaren 15ean, berriz, “Virgen del Villar Orfeoia” etorriko da Corellatik. Emanaldi hau, zehazki, Santikutz Abesbatzarekin egindako trukearen ondorioa da. Legazpiarrak han izan ziren, eta orain, buelta tokatzen da. Azaroaren 20an, berriz, Doinua Musika Eskolako ikasleek urteroko kalejira egingo dute, erdiguneko kaleetan zehar. Eta hilaren 21ean, ostirala, bertso jaialdia izango da Latxartegi aretoan, Unai Iturriaga, Onintza Enbeita, Sebastian Lizaso eta Maialen Lujanbio bertsolariekin.
 
Santa Zezilia Kontzertua, bestalde, hilaren 29an izango da, larunbatarekin. Ohikoa den moduan, herriko taldeek eskainitako kontzertua izango da; hain justu, Santikutz Abesbatzak, Goiz Deia Txistulari Taldeak, Alaitasuna Errondailak eta Legazpi Musika Bandak. Emanaldi honen berezitasunaz jardun zuen Jesus Castillejok, Musika Bandaren zuzendariak, iaz aldizkari honetan: “Oso berezia da Santa Zezilia eguneko kontzertua. Musika talde guztiak batzen gara. Urteak daramatzagu elizan egiten, zinema aretoan dagoeneko kabitzen ez ginelako. Kanpoan bizi den jende asko egun horretan baino ez da etortzen jotzera”.
 
Eta urtero berezia izaten bada, aurten are gehiago. Izan ere, Errondailaren 50. urteurrena dela-eta, urte hauetan guztietan errondailan ibilitako pertsona denei (kide ohiei, alegia) egun horretarako dei egin baitzaie, elkartzeaz gainera, kontzertuan ere parte har dezaten. Orioko Bardoa Zer diren paradoxak. Santa Zezilia Kontzertua azaroaren 29an izango da, aurreko zapatuan, hilak 22, Santa Zezilia eguna izanda. “Nolatan?”,galdetuko du batek baino gehiagok. Bada horretarako pisuzko arrazoirik: Benito Lertxundi abeslari oriotarra izango da gurean, hilaren 22an. Kontzertua eskainiko du Urbeltz pilotalekuan, 22:00etatik aurrera. Lertxundi eta bere kideak euren ekimenez datoz Legazpira. 11 urte dira Lertxundik Legazpin azkenekoz jo zuenetik. 2003. urtean inauguratu zen Urbeltz pilotalekua, eta urte horretan jo zuen, hain zuzen, musikari oriotarrak gurean. Pilotalekua lepo bete zen. Aurki emango duen kontzertuak ere orduko arrakasta izatea espero dute, eta horretarako, Udaleko Merkataritza Batzordeak 15 sarrera bikoitz zozketatu ditu Ilintiko dendetan erosketak egin dituzten herritarren artean. Ekimen honekin, bidenabar, herriko dendetan merkataritza sustatzearen aldeko apustua egin nahi izan du Udaleko Merkataritza Batzordeak.
Zozketan saririk irabazi ez, baina kontzertura joan nahi duen edonork, bestalde, aurrez izango ditu sarrerak salgai, 20 euroren truke. Legazpin, esaterako, Kultura Sailean, Urbeltz tabernan eta Kukue tabernan. Zumarragan, berriz, Hiruki tabernan; eta Urretxun, HD tabernan. Eta baita Oñatiko Arkupe tabernan ere. Bertaratzen ibili nahi ez dutenentzat, Kutxabank bidez egongo dira  eskuragarri. Eta aurretik erosteko aukerarik izan ez dutenek azaroaren 22an bertan erosi ahal izango dituzte, leihatilan, 22 euroren truke.
 
BENITOREN KONTZERTURAKO SARREREN IRABAZLEAK
Udaleko Merkataritza Batzordeak 15 sarrera bikoitzen zozketa
egin zuen urriaren 24an, hilabete horretan Ilintiko dendetan
erosketak egin zituzten pertsonen artean
1. Jose Cruz Zubeldia (Itziar Belardenda)
2. Maria Jesus Otaegi (Sustrai)
3. Juan Carlos Lanz (Sustrai)
4. Amparo Lahidalga (Okela)
5. Elvira Olabide (M&N)
6. Uxue Isasa (Sustrai)
7. Loren Andueza (M. Carmen frutategia)
8. Miren Aran Azpeitia (Sustrai)
9. Juan Jose Zubillaga (Sustrai)
10. Maria Ignazia Galarza (Sustrai)
11. Luis Errasti (Algar)
12. Maria Jesus Urkia (Sustrai)
13. Isabel Lasagabaster (Algar)
14. Coral Burcio (Sustrai)
15. Jaione Larrea (Sustrai)

Albiste guztiak