pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

'Elkartasun Saskia' berriz martxan
31
Urr
2014

'Elkartasun Saskia' berriz martxan

Elikagaiak premia handiena dutenentzat
Datorren astetik aurrera, elikagaiak banatuko dituzte premia handiena duten familia legazpiarren artean; lehenengo sei hilabeteetan, 3.844 kilo banatu zituzten
 
Dagoeneko konpondu diren arazo batzuk direla tarteko udako geldialdia ohikoa baino luzeagoa egin ostean, datorren astean berriro jarriko da martxan “ELKARTASUN SASKIA: Zure ahalegintxoa laguntza handia izan daiteke” ekimena. Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak bideratutako ekimena da, Nagusilan eta Garagune elkarteetako kideen lankidetzarekin. Kide horiek, hain zuzen, udalerriko lau supermerkatu handienetan (Kale Nagusiko Eroski, Laubideko Eroski, BM eta Todo‐Todo) utzitako elikagaiak bildu eta herrian premian dauden familien artean banatzeaz arduratzen dira.
 
Gogotsu ekin diote berriro ekimenari; izan ere, urteko lehen sei hilabeteetako datuak oso onak dira: orotara, 3.844 kilo janari banatu zaizkie udalerriko 36 familiari. Batik bat, esnea da gehien banatu dena (1.300 litro); beraz, elikagai hori zein bestelakoak (lekaleak, olioa, arroza, kontserbak, pasta, azukrea...) aipatutako lau saltokietako orgetan uzteko deia egin dute.
 
Diru dohaintzak ere egin daitezke
Era berean, diru dohaintzak egiteko aukera ere izango da; hain zuzen, Laboral Kutxako 3035 0024 38 0241096396 kontu zenbakiaren bitartez. Hor bildutako dirua ere Saskia osatzeko beharrezko elikagaiak erosteko erabiliko da. Horixe da premian dagoenari laguntzeko beste modu bat.
 
Bi helburu nagusi ditu ekimen honek: legazpiarren artean elkartasuna sustatzea, batetik; eta premian dauden familiei laguntza ematea, bestetik. Horrenbestez, beharrean dauden eta elikagaiak jaso nahi dituzten familiek Gizarte Zerbitzuen Sailean eman beharko dute izena. Lasai ibil daitezke, erabateko isilpekotasunez jardungo baita.
 
Kanpainaren antolatzaile eta sustatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete nola emaileei, hala boluntarioei, proiektu honetan eskaintzen duten laguntza baliagarriagatik.
 

Albiste guztiak