“Garden”, beren azken lana, aurkeztuko dute azaroaren 27an, igandea, 12:30ean Latxartegi Aretoan.
Alos Quartetek, Xabier Zeberio (Nyckelharpa, biolina), Francisco Herrerero (Biolina), Lorena Nuñez (Biola) eta Pello Ramirez (Celloa), “Garden” bakarkako hirugarren diskoa aurkezten du. Laukoteak bere zeinu bereizgarria izan dituen soinu dotorea, intimotasuna, eta musika iturri ezberdinetatik edaten duen estilo originala garatzen ditu disko berrian. Diskoa osatzen duten 13 konposizio berrien grabaketan, hainbat artista eta lagunen laguntza izan du taldeak, baina Legazpiko kontzertuan lau musikariak bakarrik arituko zaizkigu.
Batetik, dantza ezberdinen atmosfera eta erritmoak sotiltasun harrigarriz jantziak ageriko zaizkigu hainbat doinutan. Arin arinetik tangora, fandangotik vals eztietara eta doinu lasaietatik erritmo indartsuetara. Bestetik, Alos Quarteten sonoritate iradokitzaileek, nyckelharpa (Suediako erdi aroko tekladun biola) bezalako instrumentuen laguntzaz, entzulea mundu magiko baten nabigatzera daramate.
1999an ia oharkabean 4 musikariren bideak elkartzen dira grabaketa bat egiteko. Alos Quartet sortu eta ordutik hona, geldiunerik gabeko ibilbide luze eta oparoa landu dute proiektuz proiektu. Musikaren ikuspuntu zabal eta mugarik gabekoak elkartzen ditu laurak. Musika klasiko nahiz modernoan ibilbide artistiko zabala duten musikariak ditugu taldea osatzen dutenak. Ospe handiko orkestra ezberdinekin lan egiteaz gain (Euskadiko Gazte Orkestra, Euskadiko Orkestra, Espainiako Gazte Orkestra, e.a.), laukoteko partaideak folk taldeetako kide ere badira (Benito Lertxundi, Oskorri, Antton Valverde, Pier Paul Berzaitz.)