Aste honetan hasiko dira eta urtebeteko iraupena izango duela aurreikusten da
Aste honetan hasiko dira Agirretxeberri etxea birmoldatzeko obrak. Bertan kokatuko da Legazpiko Doinua Musika Eskola eta horrez gain, erabilera anitzeko bi gela eta kantina bat ere egokituko dira.
Agirretxeberri eraikin multzoak Monumentu izendapena daukanez, berezko izaera mantenduz berritzea da helburu nagusia. Horregatik ez du itxuraldaketa nabarmenik izango, ahalik eta elementu gehien mantenduko dira, bai kanpoaldetik baita barrualdetik ere. Proiektuaren interesa ikusirik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, Euskal Kultura Ondarea babestu eta zaintzeko 298.225,00€ko diru laguntza eman zion udalari pasa den otsailean.
Proiektuaren arabera, egingo diren berrikuntzen ondoren, eraikinaren kalifikazio energetikoa maila gorenekoa izango da: A mailakoa alegia. Horretarako, biomasazko berokuntza sistema erabiliko da eta eraikinaren isolamendu orokorra nabarmen hobetuko da, bai leihoetako beirak aldatuz, leiho bikoitzak jarriz hainbat kasutan, baita gaur egun ez daukan isolamendua gehituz ere.
Obra esleitzeko prozedura pasa den apirilean jarri zen martxan eta esleipena ekainean egin zitzaion Lurgoien S.A.U. enpresari. Proiektuko aurrekontua 859.994,07€koa da eta Lurgoien SAUk aurkeztutako eskeintzaren arabera 824.208,50 €tan eraikiko da. Obraren iraupena hamabi hilabetekoa izango da. Hala, datorren udararako birgaitze obrak bukatuta egotea espero da.
Obrak dirauen bitartean parkea irekita egongo da Urola kalea aldera eta oinezkoentzat pasabide bat egokituko da Urola kaletik Santikutz kaleraino. Hala ere, beste hainbat eragozpen suertatu daitezke eta aurrez jakinarazten eta ahalik eta txikienak izan daitezen saiatuko gara!