Makinan bertan karga daiteke; eta txartelari esker, justu erabilitakoa ordainduko du erabiltzaileak
Legazpiko lurpeko aparkalekuan aparkatzeko, dirua ez ezik, txanpon-txartel edo karga daitekeen txartel bat ere erabili ahal izango da. Udaletxeko harreran eskura daiteke, 3'60 €-ren truke, eta ondoren, erabiltzaileak berak kargatu beharko du aparkalekuan dagoen makinan.
Txartel horri esker, justu erabilitakoa ordainduko du erabiltzaileak, eta ez aurreikuspenen araberako guztia; izan ere, birritan pasatuko du txartela, sartzean eta ateratzean, eta makinak dagokion kopuru zehatza kenduko dio.
Aparkaldi mugatua dauka aparkalekuak: 07:00etatik 21:00etara, urteko egun guztietan, salbuespenik gabe. Gehienez ere 8 orduan utzi ahal izango da autoa bertan aparkatuta, eta denbora tarte hori igaro ostean, bi orduan ezingo da berriro aparkatu.
Tarifa berriak
Tarifak ere aldatu egin dituzte. 07:00etatik 17:00etara, 0,10 € ordaindu beharko dira orduko; 17:00etatik 21:00etara, berriz, 0,20 €. Bestalde, 21:00etatik 07:00etara, doan izango da aparkatzea.
Makina berri honetan, ezinbestekoa izango da ibilgailuaren matrikula sartzea, baina ez papertxoa autoan uztea; izan ere, udaltzainek sistemak daukan terminal batetik eramango dute kontrola.
Bestalde, Plazaola kalean (Euskaltegiaren atzealdean), txandaka aparkatu ahal izateko aukera jarri dute. Horretarako, 14 plaza egokitu dituzte. Aparkatzea doakoa izango da, baina makinatik ateratako txartela jarri beharko da ibilgailuan (bertan, oraingoz, ez da beharrezkoa izango matrikula adieraztea). Gehienez ere 30 minutuan aparkatu ahal izango da.
Txandakako 14 aparkaleku horien ordutegia hauxe izango da: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara. Gainerako orduetan, era librean aparkatu ahal izango da. Bestalde, taxi geralekua Plazaola kaleko 10. zenbakian jarri dute; alegia, Xarpot taberna parean.