Uztailaren 15ean egindako Gobernu-batzordean, eskola-materiala eta informatika-ekipoak erosteko laguntzen deialdia eta oinarri espezifikoak onartu ziren. Legazpiko Udalaren helburua bikoitza da: familiei laguntzea seme-alabak eskolatzeak dakarren gastuan, eta tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea.
Laguntzen zenbatekoa familia-errentaren arabera izaten jarraituko du. Hala, eskola-materiala erosteko laguntzak 70 eta 140 euro bitartekoak izan daitezke seme-alaba bakoitzeko; eta ekipo informatikoak erosteko laguntzak 100 eta 350 euro bitartekoak izango dira familia bakoitzeko.
Gogorarazi nahi dugu laguntzak udalerriko dendetan erositakoeskola-materialarentzako bakarrik direla. Ikastetxeetan egindako erosketak edo Legazpitik kanpoko denden fakturak ez dira kontuan hartuko. Ekipo informatikoak Gipuzkoako Lurralde Historikoko dendetan erosi ahal izango dira.
Iaz bezala, ekipo informatikoak erosteko laguntza bi urtekoa izango da. Hau da, aurten ezingo dute ekipamendu informatikoak erosteko laguntzarik jaso aurreko urtean horretarako laguntza eskuratu zutenek. Eskolako materiala erosteko laguntzak urtekoa izaten jarraituko du, eta urtero eskatu ahal izango da.
Erosketak egiteko epea iazko bera da, uztailaren 1etik urriaren 10era bitartekoa, eta eskaerak formalizatzeko epea ere urriaren 10era bitartekoa izango da.
Gogoratu 5-6 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoek edo tutoreek eska ditzaketela laguntza horiek, baldin eta Lehen Hezkuntzako 1.mailatik Batxilergora edo Erdi-mailako Lanbide Heziketara bitartean matrikulatuta eta Legazpiko helbide berean erroldatuta dauden. Beste bizileku batean erroldatuta egoteko legezko arrazoiren bat dagoenean, egiaztatu beharko da.
2023an emandako laguntzen datuak:
2023an 112 eskaera izapidetu ziren. Guztira 92 familiak jaso zituzten 15.485,51,28 euroko laguntzak. Jasotako eskaerek 26.389,29 euroko salmentak eragin zituzten eta ia % 83a udalerrian gastatu zen.
Eskola-materiala eta ekipo informatikoak erosteko laguntzak erosteko ahalmen txikiena duten familiek jaso zituztela azpimarratu behar dugu. Familien % 77, 3a 1. tartean (12.100 €-rainoko errenta duten familia bereziak) eta 2. tartean (19.950 €-rainoko errentak dituzten familia arruntak eta 29.950 €-rainoko errenta duten familia ugariak) kokatutako familiak izan ziren.