Legazpiko udaletik arduratuta gaude mugikorraren zein pantailen erabileraren inguruan, bereziki haur eta nerabeen kasuan. Ikerketa ezberdinek argi utzi dute honen erabilerak dituen eragin kaltegarriak, bai arlo psikologiko zein fisikoari dagokionez.
Hilabete batzuk dira guraso talde batek egindako eskaeraren ondorioz, haurren mugikorren erabileraren gaia abiapuntutzat hartuta, gai hau aztertzen eta lantzen hasi ginela Udalean. Gaia lantzeko ekintza sinple batetik abiatu baginen ere, honen garrantzia haratago doala ikusi eta lanketa sakonagoa eskatzen zuela ziurtatu genuen.
Urtean zehar urrats ezberdinak eman dira mugikorren erabileraren inguruan, eragile ezberdinekin, baina gaiaren garrantzia ikusita, herri mailan proiektu amankomun eta zabalago bat egokiagoa dela pentsatu dugu. Horregatik, ikasturte hasierarekin batera lan talde bat sortuko da, gai hau herri mailan jorratzen hasteko.