pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Ostiralean irekiko da San Ignazioko ur parkea
03
Uzt
2024

Ostiralean irekiko da San Ignazioko ur parkea

Lanak amaitu eta beharrezko izapidetzeak egin ostean, ostiralean irekiko da San Ignazio auzoan kokatuta dagoen ur parkea

 

Parkea egungo jolas gunearen azpialdean kokatu da, ingurune berdean integratuta eta auzoko materialen antzekoak erabili dira berreraikuntzan. Esfortzu berezia egin da emaitzak babestutako auzoaren baloreak errespeta ditzan.


Gogoratu behar da inbertsio hori izan zela, hain zuzen ere, 2022aren amaieran partaidetza-aurrekontuen esparruan herritarrek egindako proposamenetako bat, eta horren kokapena ere erabaki zen 2023aren amaieran herritar guztiei irekitako bozketa-prozesu baten bidez. 500 pertsona inguruk parte hartu zuten, eta botoen % 75ek lortu zuen San Inazion kokatzea, Juanastegiren % 25en aurrean.

 

 

Bi gune ezberdin izango ditu: haurtxoentzako txokoa, eguzkitik babestuago dagoena, eta nagusiagoena, elementu erakargarri eta dinamikoagoekin hornituta. Denera 14 txorrota eta jolas elementuz osatuta dago gunea, guztiak ere zirkuitu itxiko ura botako dutenak.

 

Instalazioak piszinen antzeko funtzionamendua du eta azpiko txabolaren barruan gordetzen da bera martxan jartzeko makinaria garrantzitsuena. Instalazioaren ura lekuan bertan aprobetxatuko da, eta egunean birritan osasun baldintza egokiak dituela egiaztatzeko analisiak egingo dira. Era horretara, ingurumen-jasangarritasunari eta osasungarritasuna uztartzen dira.

 

Instalazioa, gainera, irisgarria da edozein pertsonarentzako eta bero sapa handia egiten duen egunetan babesleku klimatiko gisa funtzionatuko du, herritarrei freskatzeko eta jolas egiteko leku bat eskaintzen dielako, bero-boladetatik babesteko. Egunero zabalik izango da, goizeko 10.00etatik iluntzeko 20.00ra arte.

 

Horrez gain, parkearen azpialdean behin behineko komun bat jarriko da parkeak zabalik dirauen bitartean erabiltzeko.

 

269.830,00 euroan esleitu zitzaion obra Arrizabal Elkartea S.L.-ri eta instalazioak garapen jasangarriko 2030eko helburuak lotzen laguntzen duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamenduaren 35.000 euroko dirulaguntza jaso du.

 

Laguntza-deialdi horren xedea da 2030 Agendaren garapen jasangarrirako helburuak lortzen  laguntzen duten jarduerak bultzatzea. Horien artean, klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko jarduerak nabarmentzen dira.


Ur-parkeak "babesleku klimatikotzat" hartzen dira, herritarrei freskatzeko eta jolas egiteko leku bat eskaintzen dielako, bero-boladetatik babesteko. Gainera, San Ignazio auzoko ur-parkeak ura modu eraginkorrean kudeatzeko sistema bat du, baliabide horren kontsumo arduratsua egiteko aukera ematen duena.

 

 

 

 

 

Albiste guztiak