p>Legazpiko Udaleko Euskara Batzordeak antolatutako Haurren Uda Ikastaroa uztailaren 1etik 24ra bitarte egingo da aurten. Guztira, 185 haurrek eman dute izena, eta 16 begiraleren gidaritzapean jardungo dute.
Ikastaroa, hain zuzen, aurten HH2n aritu direnetatik LH3ra bitarteko haurrentzat da, eta adinaren arabera, hainbat tokitan izango dute egoitza. HH2koek Laubideko hexagonoan, HH3 eta HH4koek Latxartegin, eta HH5ekoek eta LH1, LH2 eta LH3koek Haztegi Ikastolan.
Haurrak 15 taldetan banatuko dira, eta talde bakoitzak bere begiralea izango du. Badaezpada ere, errefortzuko beste begirale bat kontratatu du udalak. 16 begirale horiek prestakuntza saio bat egin zuten ekainaren 17an, Kultur Etxean.
Begiraleek adinaren araberako egitaraua prestatu dute, haurrek ezin hobeto igaro ditzaten ikastaroko egunak. Hala, HH2 eta HH3koek ipuin kontaketak, kantak, margotze lanak, irteerak herriko parkeetara, antzerkia, jolas librea... egingo dituzte. HH4 eta HH5ekoek, berriz, kantak, margotze lanak, eskulanak, irteerak (Mirandaola, Urtatzazar parkea, azoka...), jolas kooperatiboak, ginkanak... Eta LHkoek eskulanak, irteerak (Mirandaola, Urtatzazar parkea...), igerilekura (astean behin), irteera bat bizikletan, euskal jolasak, ginkanak...
Urtero bezala, sanferminak ospatuko dituzte, zapi gorria lepoan jarrita, eta azken egunean, uztailaren 24an alegia, amaierako jaia egingo dute guztiek.
Informazioa gurasoei
Dena prest dagoenez, informazioa emateko bilera egingo da gurasoentzat, datorren astelehenean, ekainak 29, Kultur Etxean.
Lehenengo bilera 18:00etan izango da, HH4, HH5 eta LHko haurren gurasoei zuzendua; eta bigarrena, 19:00etan, HH2 eta HH3ko haurren gurasoentzat.
Bileretan emango dizkiete ikastaroko taldeei, begiraleei, tokiei eta bestelakoei buruzko argibideak, eta gurasoek dituzten galderei erantzungo diete.
Ikastaroaren antolaketari eta datuei buruzko taula ikusteko, sakatu hemen.