Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuan prest dute uda honetako eskaintza. Horretarako, maiatzaren 24ko asanbladan, Gazte-txokoaren adierazpen-txokoan edota sare sozialen bidez nerabeek egindako proposamenak eta Zerbitzuak berak dituen helburuak kontuan hartuz, ekainaren 19an hasi eta uztailaren 19an amaituko den programa prestatu dute.
Zerbitzuaren 20. urteurrena ospatzeko irteera berezi bat antolatu da Arcachongo akuaparkera, uztailaren 4an. Horrez gain beste bi irteera egingo dituzte: Donostiako hondartzara, ekainaren 27an; eta Hernaniko igerilekura, uztailaren 10ean. Nerabeentzako Zerbitzuaren Eguna ere ospatuko dute, uztailaren 5ean, ostirala, ohi bezala, azokan postu bat jarrita. Uztailaren 18an eta 19an, tailer bat egingo da sofa bat egiteko.
Izena emateko hitzordu bakarra dago: ekainak 20a, osteguna, 14:30etik 18:00etara Gazte-txokoan. Horretarako, gurasoen baimena eta dirua eraman beharko da. Arcachongo irteeraren kasuan, gurasoek epaitegian edo Ertzaintzan atera beharko duten onespen-baimena ere aurkeztu beharko da. Baimen hori aurkezteko azken eguna ekainaren 26a izango da.
Ordutegia
Hegialdeko festetatik Agorreko Santikutzak festetara arteko asteburuetan, hau da, ekainaren 8tik irailaren 15era bitarteko larunbat eta igandeetan ez da Nerabeentzako Zerbitzurik eskainiko. Eta aste barruan, erabat aldatuko da, aipatutako udako jarduerak direla eta. Hori dela eta, jarraian programa azalduko dugu, egunero zer dagoen jakiteko.