'Bizitzeko Herria' ekimena eskualdeko lau udalek martxan jarritakoa da, Uggasaren laguntzarekin. Ekimen honek lotura dauka, gainera, 2014-2015 ikasturteko Eskola Agenda 21ean eskualdeko ikasleek landu duten gaiarekin.
Legazpin, ekainaren 25ean, osteguna, egingo da 'Bizitzeko Herria' kale ekintza, 18:00etatik 20:30era, Euskal Herria plazan. Egun horretarako, familia osoak parte hartzeko moduko ekintzak antolatu dituzte.
Batetik, herria garai batean nolakoa zen gogoraraziko diguten argazki zaharren erakusketa jarriko dute. Bestetik, eskualdeko ikasleek egindako maketa ezagutzeko aukera izango da; bertan, hobetzeko herriko zenbait gune agertzen dira. Jolasak ere izango dira, adin guztietako pertsonentzat, 'Har ditzagun kaleak!' lelopean. Irudimenak ere izango du bere tartea, eta parte-hartzaileek jostailuak sortu beharko dituzte berrerabilitako gauzekin. Azkenik, guztion ekarpenak jaso, eta kartelak margotuko dituzte.
Gustura sentiarazten gaituzten lekuak
Argi dago herri guztiak ezberdinak direla; nahiz eta denetan dauden kaleak, ikastetxeak, etxeak, dendak eta pareko elementuak. Halere, badago gure herria definitzen duen beste zerbait: gustura sentiarazten gaituen lekua da, disfrutatu nahi dugun lekua eta bertan bizi garenontzat eta bisitan etortzen zaizkigunentzat abegitsua izatea nahi duguna.
Legazpiko Udalak, kale ekintza honen bidez, pauso txiki bat eman nahi izan du zentzu horretan, eta aditzera eman kaleak eta plazak bertatik ibiltzeko tokiak baino zerbait gehiago ere izan daitezkeela.