Legazpiko Udaleko Gobernu Batzordeak 2024-2027 eperako Udalean euskararen erabilera normalizatzeko Plan Estrategikoa onartu du atzo egindako bilkuran.
Hau ez da Udalak onartzen duen lehen plan estrategikoa, izan ere 2001ean onartu zuen lehenengo plana. Udalak 5 urtean behin egin behar du euskara normalizatzeko plana. Baina oraingo planak badu berrikuntza nabarmen bat.
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailburuordetzak metodologia berri bat sortu du planak egiteko, eta hori erabiliko dute EAEko udal denek eta beste erakunde publikoek. Metodologia berria izateaz gain, planaren jarraipena egiteko aplikazio berri bat ere eskaini du Eusko Jaurlaritzak.
Hauxe da planaren helburu nagusia: Legazpiko udalean euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza normala eta orokorra izatea eta, horrela, herritarrek udalarekiko harremanetarako aukeratutako hizkuntza ofizialean izateko duten eskubidea bermatzea.
Plana langileekin zein gainerako zinegotzi ordezkariekin kontrastatu da eta udalak lanean jarraituko du bere horretan, euskara sustatzeko ahaleginak eginez.