Udalak herriko espazio publikoak irisgarri eta atsegin egiteko asmoarekin jarraitzen du, legazpiar guztiek modu seguru eta erosoan erabil ditzaten. Asmo horren baitan Aizkorri kalearen bigarren fasea berriz urbanizatzeko pausuak ematen hasi da, zehazki Aizkorri kaleko 14. zenbakiaren ataritik GI-2630 foru-errepidearen errotondaraino. Kale hori legazpiar ugarik igarotzen dute egunero eta berrantolatu egin behar da egungo eskakizun funtzionaletara egokitzeko.
Horregatik, kale zati hori berriz urbanizatzeko proiektua idazteko lizitazioa argitaratu berri du Udalak, 50.578 euroko aurrekontuarekin, eta eskaintzak aurkezteko azken eguna ekainaren 5a izango da.
Proiektuak, ibilgailuen (motorduna edo ez) eta oinezkoen mugikortasuna errazteaz gain, Bikuñako kirol-eremuaren eta hirigunearen arteko hiri-ehuna kohesionatzeko, oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta jada urbanizatuta dagoen ingurune batean iraunkortasun ekonomikoa eta ingurumenekoa sustatzeko balio beharko du. Horrez gain, plegu teknikoetan adierazten den bezala, proiektuak honako helburu eta premia hauek bete beharko ditu:
- Aizkorri kaleko espazio urbanizatu eta eraikiari balioa eman behar dio, hiri- eta paisaia-agertoki erakargarria sortuz, herrira bisitan datozen pertsona batzuek jasotzen duten Legazpiko lehen irudia baita.
- Aizkorri kalearen iparraldeko tartearekin koherentzia mantendu behar du hiri-diseinuari, bide-trazadurei eta materialei dagokienez.
- Txorroeneako bidegurutzean, mugikortasunerako irtenbide seguru bat proposatuko du, ahalik eta azalera txikiena okupatuz.
- Eremuaren uholde-arriskua murriztu beharko du.
- Hiri-mugikortasuna erraztuko du, bai motordun eta motorrik gabeko ibilgailuei, bai oinezkoei dagokienez.
- Irisgarritasun unibertsala bermatuko beharko du.
- Espaloiaren eta Aizkorri kaleko 20-26 zenbakiko atariak dauden eraikinaren ataripearen artean dagoen sestra-aldea kendu edo tratatuko du.
- Mugikortasun kolektiborako beharrezko instalazioak aurreikusiko ditu.
- Genero-ikuspegia txertatuko du multzo osoaren diseinuan.
- Hirigintzan iraunkorrak diren elementuak sartuko ditu, bai eta klima-aldaketa arintzen eta horretara egokitzen lagunduko duten alderdiak ere.
- Hiri-espazioa diseinatuko du, neurri handi batean azpiegitura berde gisa funtziona dezan.
- Zaharkitutako hiri-instalazioak ordezkatuko dira, Gipuzkoako Urakekin elkarlanean.
Idazketa prozesuan herritarren parte-hartzea izango da eta ekarpen horiek diseinatuko den jarduketa aberastuko dutela ziur da Udala.
Lanak faseka gauzatzea aurreikusten da, kostuagatik eta inguruan izango duten eragina gutxitzeagatik.