18:30ean elkartuko dira guztiak Laubide kalean, Maiatza tabernaren parean, materiala jaso eta desfilerako prestatzeko. 19:00etan abiatuko da Alardea, banderadun, zaldien eta gurdien aurrean, bi konpainiatan banatuta (Urtatza eta Plazaola) eta tartean musikariak dituztela (Txilibitero, txistulari eta atabal joleak).
115 lagunetatik, 55 izango dira eskopetariak, 41 musikariak eta gainerakoak banderadun, kartutxo banatzaile eta laguntzaileak.
Honako ibilbide hau egingo du Alardeak : Laubide kalea, San Ignazioko dorrea, Santikutz Egoitza, Juanastegi-Aiztonaga-Bikuña Jauregia- Bikuña-Enea, Plazaola kalea-Nafarroa kalea- Euskal Herria plaza. Ibilbidean zehar geldialdiak egingo dituzte deskargak egin eta txilibiteroen saioekin.
Ohi bezala Bikuña Jauregian geldialditxoa egingo dute 19:45ak aldera, eta plazara iritsiera 20:15ak aldera aurreikusten da.
Behin plazara iritsita eta musikarien saiotxoaren eta lehen deskargaren ondoren, Alkateak ongietorria emango die eta partaideen lista pasako da Udaletxeko balkoitik. Ekitaldia deskargekin amaituko da aurtengoan ere, eta ondoren parte-hartzaile guztiak mokadutxo bat hartzera joango dira Gizarte Zentrora.