pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Ordutegi aldaketak izango dira udal zerbitzuetan, udarari begira
11
Eka
2015

Ordutegi aldaketak izango dira udal zerbitzuetan, udarari begira

Udako ordutegia izango dute Kultur Etxean zein Kiroldegian

Oporraldi garaian, urte osokoa ez bezalako ordutegia izango dute hainbat udal zerbitzuk. Kultur Etxeari dagokionez, Gazteentzako Informazio Bulegoak, ekainetik irailera bitarte, abuztuan etena eginda, goizez bakarrik eskainiko ditu ohiko zerbitzuak: 10:30etik 13:30era. Txartelak, berriz, Kultur Etxeko harrera-gunean egin ahal izango dira, 16:00etatik 20:00etara, urte osoan zehar. Uztailean, berriz, goizeko ordutegia izango du; hau da, 10:00etatik 13:30era eta abuztuan ez da zerbitzurik eskainiko.
 
Nerabeentzako Zerbitzuak ez du zerbitzurik eskainiko ekainaren 13tik 16ra, Hegialdeko festak eta Aste Santuko ekintzetako konpentsazio orduak direla tarteko. Ekainaren 22tik aurrera, udako ordutegia izango du, eta ekintzen arabera, aldakorra izango da. Ohiko dinamika egunetan, berriz, hauxe izango da ordutegia: astelehenetik ostiralera, Gazte-txokoa, 11:00etatik 13:30era, eta kalean edo/eta sare sozialetan, 13:30etik 14:00etara. Asteburuetan, itxita egongo da, baita abuztu osoan ere.  
 
Kultura Zerbitzuak eta KZ Guneak ohiko ordutegia izango dute ekainean. Uztailaren 1etik 30era, berriz, goizez bakarrik izango dira: kultura zerbitzua, 10:00etatik 13:00etara, eta KZ Gunea, 09:00etatik 13:00etara, begiralearekin, eta 13:00etatik 14:00etara, begiralerik gabe. Bi zerbitzu horiek itxita egongo dira abuztuan, eta irailean, berriro ohiko ordutegiarekin hasiko dira. 
 
Liburutegian, ekainaren 15etik aurrera
Liburutegiaren udako ordutegia ekainaren 15etik irailaren 4ra bitartekoa izango da, eta  10:00etatik 14:00etara egongo da irekita erabiltzaileentzat. Arratsaldez itxita egongo da. Alabaina, ordutegi horretatik kanpo ere itzuli ahal izango dira maileguan hartutako dokumentuak (DVDak, liburuak, CDak...), Kultur Etxeko atarian dagoen postontzia baliatuta. Irailaren 7tik aurrera, ohiko ordutegia izango du berriro; alegia, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
 
Kiroldegiak, berriz, ekainean eta uztailean, astelehenetik ostiralera, orain arteko ordutegia izango du; alegia: 09:00etatik 22:00etara. Larunbat eta igandetan, bestalde, 09:00etatik 21:00etarako ordutegia, uztailean, eta 10:00etatik 20:00etarakoa, abuztuan.
 
Kanpoko igerilekuaren irekiera
Bestalde, ekainaren 13an irekiko dute Legazpiko Kiroldegiko kanpoaldeko igerilekua. Hilabete bakoitzean ordutegi berezia izango du. Ekainean zein irailean, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara egongo da irekita; larunbatetan, 10:00etatik 12:45era eta 15:30etik 20:00etara; eta igandetan, goizeko ordutegian: 10:00etatik 13:45era.
 
Uztailean eta abuztuan, bestalde, eguerditan ez da kiroldegia itxiko, eta kanpoko igerilekua 10:00etatik 20:00etara egongo da irekita, asteko egun guztietan. Sarrerak 3,15 euroko prezioa izango du 18 urtez azpikoentzat, eta adinez nagusientzat, 5,20 eurokoa.
 
Abonuak ere har daitezke. 10 saiokoak 23,50 euroko kostua dauka, 18 urtez azpikoentzat, eta 39 eurokoa, 18 urtetik gorakoentzat. 3 hilabeteko abonuak, berriz, 42,50 eta 69,50 eurokoak, hurrenez hurren.
 

Albiste guztiak