Atzo jarri zuten makina berria lurpeko aparkalekuan, eta makina berriarekin batera, erabilera arauak ere aldatzea erabaki du udalak; jendeak aparkalekua gehiago erabil dezan eta erabilitakoaren arabera ordain dezan.
Aparkaldi mugatua izango da, 07:00etatik 21:00etara, urteko egun guztietan, salbuespenik gabe. Gehienez ere 8 orduan utzi ahal izango da autoa bertan aparkatuta, eta denbora tarte hori igaro ostean, bi orduan ezingo da berriro aparkatu.
Tarifak ere aldatu egin dituzte. 07:00etatik 17:00etara, 0,10 € ordaindu beharko dira orduko; 17:00etatik 21:00etara, berriz, 0,20 €. Bestalde, 21:00etatik 07:00etara, doan izango da aparkatzea. Txartelak eskuratu ahal izango dira makinan bertan dirua sartuta edo diruz hornitu daitekeen txartela udaltzainei erosita; 3 €-an.
Makina honek badu bestelako desberdintasunik aurrekoarekiko: honetan, ezinbestekoa izango da ibilgailuaren matrikula sartzea.
Arau-hausteek 30 €-ko isuna
Udalak lau arau-hauste aurreikusi ditu. Batetik, txartelean adierazitako ordua gainditzea, bi ordu baino gutxiagoan; bigarrenik, bi ordutik gora gainditzea adierazitako ordua; hirugarrenik, matrikula okerreko txartela edukitzea; eta azkenik, batere txartelik ez izatea.
Arau-hauste horiek guztiek 30 €-ko isuna izango dute, eta ezeztatu nahi izanez gero, makinan bertan egin ahal izango da. Lehenengo kasuan,
6 € ordaindu beharko dira; gainerako hiru kasuetan, berriz, 10 €.
Bestalde, lurpeko aparkaleku horretan zegoen makina Plazaola kalean jarri dute orain, Kale Nagusiko lanek iraun bitartean txandaka aparkatu ahal izateko. Horretarako, 14 plaza egokitu dituzte. Aparkatzea doakoa izango da, baina makinatik ateratako txartela jarri beharko da ibilgailuan (bertan, ez da beharrezkoa izango matrikula adieraztea). Gehienez ere 30 minutuan aparkatu ahal izango da.
Txandakako 14 aparkaleku horien ordutegia hauxe izango da: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara. Gainerako orduetan, era librean aparkatu ahal izango da. Bestalde, taxi geralekua Plazaola kaleko 10. zenbakian egokitu da; alegia, Xarpot taberna parean.