Lanak ekainaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira udaletxean bertan, eta irabazleak 500 €-ko saria eramango du
Gurean urtero egiten den Gipuzkoako Artzain Egunak 25. urteurrena beteko du aurten. Hori dela eta, Gipuzkoako Artzain Eguneko batzorde antolatzaileak egun berezi hori iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du.
Edonork parte hartu ahal izango du lehiaketan, baina guztiek kontuan hartu beharko dituzte honako baldintza hauek, besteak beste: 25. urteurrena dela nabarmentzea, kartela euskara hutsean idatzita egotea eta hizkuntza sexistarik ez erabiltzea. Aurtengo Gipuzkoako Artzain Eguna irailaren 6an izango da, eta jakina, horren berri ere eman beharko du kartelak. Parte-hartzaileek zeinahi teknika baliatu ahal izango dute lana osatzeko.
Lanak aurkezteko epea, hain zuzen, ekainaren 19an amaituko da, eta ordura arte, interesa dutenek udaletxera bertara eraman beharko dituzte laginak: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara bitarte.
Ekainaren 26an emango da jakitera irabazlea nor den, eta sarituak 500 € jasoko ditu.
Parte hartzeko baldintza guztiak ikusteko, sakatu hemen