Agurtzane eta Jon Elustondo anai-arrebek urte ugari daramatzate trikitiaren munduan, baina honako hau dute aurreneko diskoa. Martxoan grabatu zuten, Elkar argitaletxearekin, punta-puntako kolaboratzaileen laguntza jasota. Aurkezpena, berriz, ostiralean izango da, maiatzak 22, 11:00etan, Donostiako Elkar aretoan.
Argitaletxeak berak adierazi duenez, Martin trikitilariaren piezetan oinarritutako diskoa izango da Agurtzane eta Jon Elustondok plazaratutakoa. Laja handiaren ikasle eta ondorengoa dugu Agurtzane, eta egun, berak egiten ditu herriko trikiti eta pandero jole gazteen irakasle lanak, Haztegi ikastolan zein Doinua Musika Eskolan. Gazte-gaztetatik ibili da, anaiarekin batera, plazarik plaza eta erromeriaz erromeria. Lehenbiziko disko honek ibilera oso horretako ezagutzak bilduko ditu.
Diskoaren azalean, legazpiar baten irudia joango da; izan ere, Gorka Salmeron argazkilariak herriko fabrika arteko bidean ateratako argazkia eramango du diskoak aurkezpen gisa. Bidenabar, Legazpiko Udalak diskoak grabatzeko herritarrei ematen dien diru laguntza ere jasoko dute elustondotarrek, diskoak horretarako baldintza guztiak betetzen baititu.