Aurreikuspenen arabera, ekainaren amaierarako bukatuta egongo da bigarren igogailua; alegia, 2009. urtean egin zen Latxartegikoari jarraipena emango diona. Hala, igogailu berri honek, batik bat, San Martin, San Ignazio eta Itxaropen auzoei emango die zerbitzua, eta baita Olazabal institutuari ere.
Lurraren ezegonkortasuna dela tarteko, hasieran, Legazpi Berri enpresako langileek hainbat oztopo izan zituzten, eta espero baino gehiago kosta zitzaien hastea. Orain, ordea, martxa onean doaz lanak.
Mugikortasun Plana betetzea helburu
Obra hau, azken batean, 2008-2014rako Udalak onartutako Mugikortasun Planaren baitako beste lan bat da. Aurretik, hamaika proiektu gauzatu ditu herritarrei mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko xedez: besteak beste, Latxartegiko igogailua (2009), Junetorri autobusa (2012), Aizkorri-Bikuña bidegorria (2013), industrialdeko biribilgunea (2014), Nafarroa, Aizkorri eta Santikutz kaleak (2014), etab.