LegazTipi-Tapa ekimenak 40. astea izan du gaurkoa. Horregatik, ibilbide bakoitzaren ostean zigilua jartzeko lehenengo egunean eman zitzaien txartela beteta aurkeztu duten pertsonei lepoan jartzeko buff bana oparitu zaie, omenalditxoa egiteko sari gisa.
Udaleko Gizarte Zerbitzuek sustatutako proiektua da LegazTipi-Tapa. Osakidetzak herritarren ongizatea eta osasuna hobetzeko helburuarekin proposatuta, udalerriko hainbat elkarteren laguntzarekin gauzatzen dena. Hainbat ibilbide finkatu dira, legazpiarrek maiztasun jakin batekin eta nork bere aukeren arabera lagunartean oinez ibiltzeko ohitura har dezaten.
Nagusilan, Gueske, Buztintegi eta kiroldegiko begiraleak dira, hain zuzen, astero, goizeko ibileratxoan parte-hartzaileei laguntzeaz arduratzen diren elkarteak.
Legazpiar guztiek parte hartzeko moduko proiektua da, astialdia, jarduera eta konpainia ona eskaintzeaz gainera, mezu garrantzitsua zabaltzen duena: zeinen osasungarria den oinez ibiltzea.
Udaletik deia egin dute interesa duten pertsona guztiak ostegunetan, 10:30ean, Euskal Herria plazara azal daitezen.