Ekintza ugari izan dira azken asteotan gurean, Santikutzak zirela tarteko. Jaiak amaitu dira; ez, haatik, ekintzak. Datorren larunbatean, hilak 16, esaterako, kultur arloko bi jarduera garrantzitsu izango dira Euskal Herria plazan.
Batetik, 16:00etatik aurrera, Arkatza Marrazki Elkarteak sustatuta eta Legazpiko Udalak antolatuta, Herri Mailako XII. Marrazki Lehiaketa egingo da.
4 maila bereiziko dira: LHko 1. eta 2. mailak; LHko 3. eta 4. mailak; LHko 5. eta 6. mailak; eta DBHko 1. eta 2. mailak. Lehenengo bi mailetako parte-hartzaileek gai libre bati buruz marraztu beharko dute. Gainerakoei, berriz, gaia zehaztuko zaie lehiaketa hastean.
Marrazteko, lapitza, lapitz margoak edo arkatz ziriak erabili ahal izango dituzte. Bakoitzak etxetik eraman beharko ditu lanerako tresnak. Orriak eta azpiko euskarriak, ordea, antolatzaileek banatuko dituzte, lehiaketa hasi aurretik. Debekatuta egongo da erregela erabiltzea.
Parta-hartzaile guztiek 19:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte euren lanak, toki berean; alegia, udaletxeko arkupeetan.
Marrazki lehiaketa hasi eta ordubetera, 17:00etan, Euskal Herriko Neskatxena edota Soinu Zaharren Txapelketaren XXI. edizioa jokatuko da plaza berean, Sustraiak Dantza Taldeak eta Legazpiko Udalak antolaturik. Bertan arituko dira, hain zuzen, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatu duen XVII. Gazteen Soinu Zahar Ligaxkan lehenengo 15 postuetan sailkatu diren dantzariak.
Lehiaketa hau bi sailetan banatuko da: lehenengoan, 2008-2004 urteetan jaiotako dantzariak arituko dira; eta bigarrenean, 2003-2000 urteetan jaiotakoak.
17:00etan, Neskatxena
Sustraiak Dantza Taldeko Irantzu Perez eta Izaro Velascok lehenengo sailean txapelketa honetara sailkatzea lortu dute. Ligaxka honetan gainera, bigarren sailean, Ane Arrizabalaga, Idoia Narbaiza, Irati Olaizola, Maider Encina eta Nahia Lopez herritarrak aritu dira. Nahiz eta Txapelketa honetara sailkatzerik ez izan, dantzari horiek ere lan bikaina egin dute.
Sail bakoitzeko irabazleak Juan Maria Burguerak diseinatu eta Enrique Mediavillak forjatu duen eskultura jasoko du. Bestalde, finalean parte hartuko duten dantzarien artean jantzirik onena ere sarituko da.
Epaimahaia Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko partaideek osatuko dute; doinua, berriz, Legazpiko Txistulari Taldearen eskutik joango da.