Datorren igandean, hilak 10, Mirandaola Eguna izango da. Santikutz jaien egitarauan jasota ageri dira bertan egingo diren ekintzak. Han zehaztutakoaren arabera, 18:30ean egingo da Mirandaolatik herrirako itzulera, Urolatarrak txarangarekin eta erraldoiekin. Buruhandiak Bikuñan ziren zain egotekoak, baina eguraldi iragarpen onei esker, antolakuntzak erabaki du buruhandiak ere Mirandaolatik etorriko direla. Horrenbestez, herrira itzulera bikaina izango dela dago aurreikusita, haur zein helduen gozagarri.
Hamaika ekintza
Ekintza ugari daude iragarrita iganderako. 09:00etan, Goiz Deia Txistulari Taldeak goiz deia egingo du. 10:30ean, Gurutze Deunaren erlikia Mirandaolako elizara itzuliko dute, txistulari, dantzari eta herritarrekin batera.
11:00etan, Meza Nagusia, Mirandaolako Ermitan, Santikutz Abesbatzaren partaidetzarekin. 11:45ean, Olagizonei ongietorria eta ohorezko ezpata-dantza. 12:00etan jarriko dute Ola martxan, eta ordu erdira, jai nagusia: dantzari txikiak, bertsolariak, Mirariaren antzezpena, trikitilariak...
14:00etan, herri bazkaria, bakoitzak bere jana eramanda, eta 16:00ak aldera, erromeria, Elustondo anai-arrebekin; alegia, maiatzaren 22an disko berria aurkeztuko duen bikote legazpiarrarekin. Eta 18:30ean, herrira itzulera.