Burdinola Elkartea arduratuko da zereginaz, eta espero dute, haizearen laguntzari esker, igande eguerdian ateratzea burdina
Datorren larunbatean, maiatzak 9, Burdinola Elkarteak behe-labe edo haizeola bat piztuko du Telleriarte auzoan; hain justu, Ubitarte baserriaren ondoan. Haizearen laguntzari esker, espero dute hurrengo egunean, igande eguerdian, burdina ateratzea.
Piztuko den haizeola Nafarroa Behereko haizeolen ereduari jarraituz egindakoa da; zehazki, Argitxu Beyrie eta Eric Kammenthaler arkeologoek gauzatutako ikerketan oinarrituta osatutakoa. Hain zuzen ere, arkeologo horiek arduratuko dira, asteburu honetan, Legazpin prozesua aurrera eramaten eta burdina lortzen.
Bestalde, Burdinola Elkarteak, Arkeolan Fundazioarekin elkarlanean, Legazpiko barruti siderometalurgikoaren gaineko ikerketa bat kaleratuko du epe motzean.