pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Bidezko Merkataritzaren Eguna maiatzaren 8an
05
Mai
2015

Bidezko Merkataritzaren Eguna maiatzaren 8an

Erakusmahaiak, produktuak eta azalpenak plazan eta Bidezko Merkataritzako galletak tabernetan

Urtero bezala, Bidezko Merkataritzaren Eguna ospatuko dute datorren ostiralean, maiatzak 8, Legazpin. Horretarako, ekimen berezia egingo dute Euskal Herria plazan. Bidezko Merkataritzako Talde Eragileak sustatutako egitasmo honetan, ohikoa den bezala, hainbat taldek parte hartuko dute.
 
Datorren ostiralean, Garaguneko kideek erakusmahaia jarriko dute, eta bertan,  produktuak dastatzeko, erosteko eta era honetako kontsumoa zertan den hobeto ezagutzeko aukera izango da. 
 
Bestalde, Bidezko Merkataritzako produktuak saltzen dituzten saltokietan, kartelak eta globo laranja eta gorri ilunak (Bidezko Hirien logoaren koloreak) jarriko dituzte; baita eranskailu berezi batzuk ere, bidezko merkataritzako produktuak non dauden erakusteko.
 
Horretaz guztiaz gainera, maiatzaren 8an, Bidezko Merkataritzako galleta batzuk banatuko dituzte KTEko tabernetan, zerbitzatzen dituzten kafe eta infusioekin batera.
 
Amaitzeko, Gazte Txokoak eta ikastetxeek ere emango diote euren babesa ekimenari, kanpaina bultzatzeko globoak eta kartelak jarrita.
 
Ekimen honen helburu nagusia, hain justu, Bidezko Merkataritza elkartasunean oinarritutako merkataritza sistema dela jakinaraztea da. Merkataritza modu honen xedea, berriz, baliabide gutxien dituzten ekoizleei merkaturako sarbidea irekitzea eta nazioarteko merkataritzaren arau bidegabeak aldatzen ahalegintzea da, munduan nagusi diren txirotasuna eta gizarte desberdintasuna bultzatzen baitituzte.
 
Horregatik guztiagatik, merkataritza modu honen oinarrian Hegoaldeko ekoizleentzat lan baldintza eta soldata egokiak bilatzen dira, duintasunez bizi daitezen. Beste oinarrietako batzuk, berriz, haurren lan esplotazioa saihestea, gizonen eta emakumeen artean tratu eta ordainsari berdintasuna bultzatzea eta ingurumenarekin errespetuz jokatuta osatutako artikuluen salmenta bideratzea dira. Horregatik guztiagatik, lankidetzarako tresna paregabea da Bidezko Merkataritza.
 
Bidezko Merkataritza, Legazpin
Legazpin, hainbat saltokitan saltzen dituzte Bidezko Merkataritzan oinarritutako produktuak; esaterako, Laubide, Lanbroa eta Itziar belar dendetan, Mari Carmen fruta dendan eta Garagunen; baita Xarpot eta Gizarte Zentroko tabernetan eta Korosti kafe dendan ere. Eta udalerriko hiru ikastetxeetan gai hau lantzen dute euren hezkuntza proiektuetan.
 
Aipatutako guztiagatik, Udaletik herritar guztiei deia egin diete datorren ostiraleko hitzordura azaltzeko, giro ederrean egitasmo hau gertutik ezagutzeko aukera izango baitute.

Albiste guztiak