Legazpiko Udalak denbora zeraman Laubiden erreka igarotzen den inguruneko urertzak txukundu eta garbitu nahian. Hainbat kudeaketa lanen ondoren, eremu hori garbitzen hasiko dira.
UR Agentzia eta udala arduratuko dira garbiketaz: UR Agentziari dagokio, legez, erreka eta hortik 5 metrora arteko espazioa, eta udalari gainerakoa. Agentzia hori dagoeneko hasi da lanean, eta udalak astelehenean, apirilak 20, ekingo dio lanari, Lurkide enpresaren bitartez. Aurreikuspenen arabera, lauzpabost egunean amaituko dute, eta udalak 7.100 euroko aurrekontua izango du zeregin horretarako.
Helburu bikoitza
Zehazki, errekaren bi aldeetako eremuak txukundu nahi dituzte. Errekaren ezkerraldean, aparkaleku aldean dagoen zatiak jabe pribatua dauka, eta eskuinaldean, Eroski aldera dagoen eremuan, udalak lursailaren zati handiena erosi du. Izan ere, errekaren alde horretan helburu bikoitza izango baitu: ingurunea txukuntzeaz gainera, Maiatza tabernaren alboko bidegurutzea egokituko du, horixe baitzen Laubide auzoko zenbaki bakoitiekin lotuta egindako parte-hartze prozesuan auzotarrek mahai gainean jarritako premietako bat.
Garbitze eta txukuntze lan horiei esker, urbazter guztia garbi eta lurra lau-lau geratuko da, etorkizunean egin nahi diren egokitzapenetarako prest. Bide batez, Laubide auzoko 15-19 zenbakien parean udalak aurrez egindako garbiketa lanari eta luiziak eragindako kalteen konponketari jarraipena emango zaio; eta era horretan, auzoari merezi duen hobekuntza eskaini.