Zein da abendurako aukeratutako fruta? kiwia
Kiwia Actinidia izeneko landarearen oboide-formako baia bat da, Actinidia Chinensis espeziekoa. Landare igokaria da, eta haren adarrak urtean 3 metro luzatu daitezke. Gainera, euskarrietan biribilkatzeko joera dute adar horiek, mahats-parrak egiten duen bezala. Bihotz-formako hostoak ditu, atzealdea ilez estalita, eta loreak handiak eta zuriak dira.
Kiwia 4 eta 7,5 cm-ko luzera iztera irits daiteke eta 3,5 eta 5 cm arteko zabalera. Pisua aldatu egiten da barietatearen, baldintza klimatikoen eta laborantsa-sistemaren arabera, eta 30 eta 150 gramo artekoa izan daiteke. Frutaren mamia berdea da, tonalitate desberdinekoa barietatearen arabera; samurra, zukutsua eta gazi-gozoa da. Hazi ugari ditu, beltzak eta txikiak, eta jangarriak dira. Mamiaren koloreak eta horren zapore delikatuak, neurri batean mahatsa, marrubia eta anana gogorarazten ditu.
Kiwiak Txinan du jatorria eta XX. mendearen hasieran Zeelanda Berrian sartu zen. Jatorrizko izena Txinako izen bat izan zen: yang tao, eta Zeelanda Berrira iritsi zenean Txinako andere-mahatsa (Chinese gooseberry) izena hartu zuen, zapore eta koloreagatik. 1960 inguruan hasi zen fruta hori kiwia deitzen, Zeelanda Berriko ikur nazionala den kiwi txoriaren omenez. Frutak eta txoriak hainbat ezaugarri partekatzen dituzte: txikiak, marroiak eta iletsuak dira.
Kiwiak bitamina ugari ditu: E, C, B3, B6, B2, B1 eta K. Mineralak ere ugariak dira: potasioa, iodoa, kaltzioa, fosforoa, burdina eta sodioa, eta zuntza ahaztu gabe.
C bitamina gehien duen frutetako bat da, laranjak baino gehiago du; eta hainbat gaixotasun (hala nola, minbizia, bihotzeko gaixotasunak, makularen endekapena eta kataratak) izateko arriskua murrizten duen konposatu fitokimiko bat du.
Gainera, zuntz disolbagarri eta disolbaezin asko du, eta, beraz, egokia da odoleko glukosa-maila kontrolatzeko, zuntza hesteetan puztu eta loditu egiten baita.
Bananen antzeko potasio kantitatea du eta folato-iturri garrantzitsua da, haurdunaldian eta edoskitzaroan funtsezkoa dena.
Aztinidina izeneko entzima bat du, proteinak degradatzen dituena. Hori dela eta, haragia prestatu aurretik biguntzeko erabil daiteke, eta, horrela, egosteko denbora murriztu; horretarako haragia fruituaren mamiarekin igurtzi behar da.
Gainera, actinidinak gelatina koagulatzea saihesten du eta, horregatik, esnekiek, kiwiarekin nahastuta kontsumitzen badira, zapore mingotsa izaten dute. Kiwia ere kozinatu daiteke, gurinarekin sueztituta, saltsa gazi-gozoa balitz bezala, haragi-platerarako osagarri gisa. Marmeladak, sorbeteak, edari izoztuak, gozogintzako produktuak egin daitezke, baita likoreak ere, alkoholarekin edo alkoholik gabe.
Fruta exotikoa izan arren, asko zabaldu da bere landaketa bioklimari esker, hazteko behar den hezetasuna bermatzen duelako. Oso fruta gogorra da, baina izozteetatik babestu behar da
Ondorengo estekan, ELIKA-Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren informazio-kartel bat duzue baita plater hau prestatzeko errezeta ere: kiwi eta mango tartarra.