Azaroaren 9an jokatuko dira finalak, eta sariak gizarte-zentroan banatuko dira
Buztintegi elkarteak urtero antolatzen ditu hainbat jokoren txapelketak elkarteko kideen artean.
Iaz 25 urte bete ziren Elkartea eratu zenetik, baina pandemiaren ondorioz, ezin izan zen txapelketarik egin.
Horregatik, 25. urteurrena ospatzeko aurten hainbat jarduera gauzatzea aurreikusi eta erabaki zuten, eta, horien artean, belaunaldien arteko jokoen txapelketak.
Horrela, dagoeneko jokatu dira mus, tute, briska, seiko urrea, eskoba, puntto eta xake partida kanporatzaileak, baita igel toka, bote eta toka partidak ere.
Belaunaldien arteko harremanak sendotzeko asmoz, beste elkarte eta erakunde batzuk gonbidatu dituzte txapelketetan parte hartzera, baita Legazpiko ikastetxeetako ikasleak ere.
Erantzuna oso positiboa izan da; izan ere, Buztintegi elkarteko kideez gain, Haztegi ikastolako ikasleek eta Xake talde, Danantzako Bolariak, Lekanazpi eta Nagusilan elkarteetako kideek hartu dute jokoetan parte, eta oso esperientzia aberasgarria izan da.
Azaroaren 9an, asteazkena, 18:00etan, finalak jokatuko dira Gizarte-zentroan, eta, ondoren, 19:00etan, sariak banatuko dira. Legazpiko saltokietan erabiltzeko erosketa-txartelak izango dira sari horiek.