Hilabete honetan, kuiatxo-tallarinak, albahakan konpotatutako tomatearekin prestatzera gonbidatzen zaituztegu.
Zein barazki aukeratu dugu irailerako? Kuiatxoa
Kurkubitazeoen familiako barazki bat da. Lur-arrasean hezten den belar landarea da, eta fruitu handiak eta azal batez babestutakoak sortzen ditu. Bere zurtoina pentagonala da eta ez du arantzik. Hostoek orban zuriak dituzte nerbioen artean. Lore arrak frijituta kontsumitzen dira oraindik lore-begian daudenean.
Kuiatxoa edo kalabazina berde argia, berde iluna edo horia izan daiteke, forma zilindrikoa du eta 200 eta 300 gramo artean pisatu dezake. Heltzean etilenoa igortzen du, eta substantzia gaseoso horrek zapore mingozoa ematen dio. Horregatik, ez da komeni banana, melokotoi edo tankerako frutekin batera gordetzea, zapore mikatzik ager ez dadin.
Ez dago argi nondik datorren. Ez dakigu seguru Asiatik edo Erdialdeko Amerikatik datorren. Badakigu, ordea, aspalditik lantzen dela, frogatuta baitago egiptoarrek eta, geroago, greziarrek eta erromatarrek kontsumitzen zutela.
Kuiatxoaren ezaugarririk nabarmenena digestiboa dela da. Oso gomendagarria da organismoa desintoxikatzeko eta hesteetako osasuna babesteko.
Osagai nagusia ura da (% 94,6), ondoren karbohidratoak daude (% 2) eta lipidoen eta proteinen proportzio txikia; beraz, kaloria-ekarpen txikiko elikagaia da, eta jateko gogoa kontrolatzen eta kolesterol-maila jaisten laguntzen digu.
Eduki bitaminikoari dagokionez, folatoen presentzia nabarmentzen da, eta, ondoren, C bitamina. Folatoek globulu gorrien eta zurien produkzioan esku hartzen dute eta, horrezaz gain, oso garrantsitzuak dira sistema immunologikoaren antigorputzak eratzeko. C bitaminak, berriz, ekintza antioxidatzailea du, eta ezinbestekoa da kolagenoa, hezurrak, hortzak eta globulu gorriak sortzeko eta sendotzeko; gainera, elikagaien burdina xurgatzen laguntzen du eta infekzioekiko erresistentzia areagotzen du.
Mineralei dagokienez, kuiatxoak potasioa du baita magnesio, fosforo, kaltzio eta burdinaren kantitate txikiak ere.
Zuntz mota bat ere badu, muzilago izenekoa, digestio-aparatuko mukosak leundu eta murrizten dituena; beraz, digeritzeko erraza denez eta eragin lasaigarria duenez, oso egokia da digestio-arazoak eta idorreria daudenean.
Ondorengo loturan, ELIKA-Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren informazio-kartel bat duzue eta, bertan, kuiatxo-tallarinak albahakan konpotatutako tomatearekinprestatzeko azalpenak aurkituko dituzue.