Iaz 96 eskaera jaso ziren eta 17.787,42 euro banatu ziren.
Gaur goizean egindako Gobernu Batzordeak eskolako materiala eta ekipo informatikoak erosteko aurtengo laguntzen deialdia eta oinarri espezifikoak onartu ditu.
Legazpiko Udalaren helburua bikoitza da: familiei laguntzea seme-alabak eskolatzeak dakarren gastuan, eta tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea.
Ez dago alde nabarmenik aurreko urteko deialdiarekiko.
Mantendu egin dira bi laguntza-modalitateak eta erosketa egiteko lekuak. Era berean, iazko laguntzen zenbatekoa mantendu da, familia-errentaren arabera. Hala, udalerriko dendetan eskola-materiala erosteko laguntzak 70 eta 140 euro bitartekoak izango dira seme edo alaba bakoitzeko, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko dendetan informatika-ekipoak erosteko laguntzak 100 eta 350 euro bitartekoak izango dira familia bakoitzeko.
Erosketa horiek egiteko epea ere iazko bera da, uztailaren 1etik urriaren 31ra bitartekoa izango baita, eta eskaerak formalizatzeko epea ere ez da aldatzen, irailaren 1etik urriaren 31ra bitartekoa izango baita.
Gogoratu Derrigorrezko Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi-mailako Lanbide Heziketako edozein ikasturtetan matrikulatuta dauden eta Legazpiko helbide berean erroldatuta dauden ikasleen gurasoek edo tutoreek eska ditzaketela laguntza hauek.
2021ean 96 eskaera izapidetu ziren: 3 ekipo informatikoak erosteko, 69 eskola-materiala erosteko eta 24 biak erosteko.
Guztira, 80 familiak jaso zituzten 17.787,42 euroko laguntzak. Jasotako eskaerek 33.571,97 euroko salmentak eragin zituzten.