Musika-grabazioak egiteko eta aisialdiko tituluak lortzeko
Kalean dira Legazpiko udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuaren diru-laguntzak!
Bi motatako diru-laguntzen deia zabaldu da: bata, grabazioak egiteko eta bestea, aisialdiko titulazioa lortzeko.
Interesa dutenek urriaren 31ra arteko epea dute eskaerak egiteko, Udaleko webguneko Egoitza elektronikoaren bidez edo udaletxean bertan dagoen Herritarrentzako Arreta Bulegora joanda (ordutegia 7.30-15.00).
Grabazioak egiteko
Grabazioen diru-laguntzen helburua, hain zuzen, musikari legazpiarrei euren diskoa argitaratzen laguntzea da. Horretarako laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izan daiteke. Abestiek giza-eskubideen aldarrikapen unibertsala errespetatuko dute. Lehentasuna izango dute: lehen aldiz eskaera aurkezten dutenek, adinez, bataz beste, gazteenekin osatutako taldeek, eta euskaraz sortutako grabazioek.
Udalak 2009tik 2021era bitartean 18.674,78 euroko diru-laguntzak eman dizkie 16 musika talderi.
Diru-laguntza behin jaso duten taldeak honakoak dira:
- Hartu arte (2010)
- Yerko Ortiz (2011),
- Doinua Musika Eskolako Big Band (2012),
- Vancouver (2013),
- Deaf Squad (2013),
- Iñaki Gurrutxaga (2016),
- The Nekrobabies (2018)
- Anker (2021)
- Insanos (2021)
- Butch (2021)
Bitan jaso duten musika-taldeak, honakoak dira:
- Elbereth (2009 eta 2017),
- D-Pintxos (2012 eta 2014),
- One Way Rock (2013 eta 2017),
- Alaitasuna Errondaila (2014 eta 2017),
- Elustondo (2015 eta 2019),
- John Dealer & the Coconuts (2018 eta 2020)
Aisialdiko tituluak lortzea
Legazpiko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuak bekak eskainiko dizkie, halaber, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetan herritik kanpo, Eusko Jaurlaritzaren onarpen ofiziala izanda, Aisialdiko Begirale edo Zuzendari titulua lortu duten legazpiarrei. Bekaren zenbatekoa matrikula prezioaren erdia izango da. Eskabidea egitean, titulua edo eskolaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, titulua lortzeko alde teorikoa eta praktikoa gaindituta dutela adieraziz.
2009tik 2021era bitartean 17 gaztek jaso dituzte horrelako bekak eta udalak 3.426,50 euro banatu ditu Aisialdiko Begirale nahiz Zuzendari ikastaroa egiteko eta Eusko Jaurlaritzak ematen duen titulua lortzeko.
Behean dirulaguntza-mota bakoitzaren inguruko informazio zehatza:
Ikusi grabaketarako diru-laguntzak eskatzeko prozedura
Ikusi aisialdiko prestakuntzarako diru-laguntzak eskatzeko prozedura