Iaz izandako lapurretei irtenbidea bilatzea izan da Udalak neurri hori abian jartzearen helburu nagusia
Iaz, hainbat lapurreta izan ziren Bikuñako Subeltza lokaletan, eta arazoari irtenbidea bilatzeko, sarbide eta alarma sistema berria ezarri ditu, duela hiru hilabete, udalak.
Sistema berriak sarbide kontrola eta zaintza kamerak ditu, lokalen barneko kontrola egiteko. Hala, horiei esker, noiz, nola eta nor sartzen den ikusi ahal izango da.
Sistema honek bideoa du, infragorriak eta berotasuna zein mugimendua aintzat hartzen dituzten detektagailuekin batera. Gainera seinaleak bidaltzen ditu Madrilera inhibizio-aurkako sistema baitu. Lapurreta gehiago ez izateko neurria izatea espero du Udalak.
Gaztetxeko teilatua ere konpondu zuten
Subeltzako lokaletako sarbide kontrol berria ez ezik, beste inbertsio batzuk egin zituen Legazpiko Udalak gazte ekipamenduetan. Esate baterako, Gaztetxeko teilatuaren egitura aldatzea eta berritzea. Horrezaz gain, isolamendua jarri da, energia eraginkortasuna hobetu ahal izateko. Teilatua oso gaizki zegoen eta obra handia behar izan zuen. Azken egunetako euriteak direla eta, itogin berriak agertu dira eta konponketa lanetan ari dira, baina epe laburrean amaituko dira.
Bi inbertsio horien kostua, hain zuzen, 47.586,07 eurokoa izan da, eta proiektu horiek aurrera eraman ahal izateko, Legazpiko Udalak 9.027 euro jasoko ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailetik; zehazki, gazte ekipamenduen sarea bultzatzeko 2014rako deitutako diru-laguntzetatik. Hala, inbertsioaren % 18,97 ordaindu ahal izango du laguntzari esker; gainerakoa, udalaren beraren kontura joango da.
Aurrerantzean ere, gazteekin elkarlanean, azaltzen diren arazoei aurre egiten jarraituko du udalak.