Martxoaren 30era arte egin ahal izango dute, Gazte Informazio Bulegora joanda
Dagoeneko irekita dago 7-13 urte arteko gazteak udalekuetara joan daitezen izena emateko epea, eta hilaren 30era bitarte egongo da zabalik.
Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek elkarlanean antolatutako udalekuak dira, eta legazpiarrek Gazte Informazio Bulegoan izango dituzte eskura nola udalekuei buruzko informazio gehiago, hala izena emateko inprimakiak. Eta bulegoan bertan emango zaie interesdunei behar duten laguntza guztia. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00etara; eta asteartetik ostiralera, 16:00etatik 18:00etara.
Izena emateko epea amaitu ondoren, apirilaren 14an, zozketa egingo da izena emandako guztien artean, eta udalekuetara nor joango diren adieraziko da.
Foru Aldundiak udaro antolatzen dituen udaleku hauetan 7-13 urteko gazteek aukera izaten dute jarduera ludiko hezigarriez gozatzeko. Udalekuen helburu nagusia da, hain zuzen, jolaserako, dibertsiorako eta bizikidetasunerako leku bat eskaintzea gazteei, beren gozamenerako eta autonomia pertsonala finkatzeko baliagarria izango dena.