Gastu-aurreikuspenaren % 78,3 gauzatu da, eta diru-sarreren aurreikuspenaren % 90,4.
Aurrekontua kudeatzeko zikloak hiru fase ditu: (1) onarpen-fasea, ekitaldi bakoitzaren amaieran eta Osoko Bilkuran egiten dena, (2) gauzatze-fasea, non onartutako aurrekontuan aurreikusitako gastuak gauzatzen diren eta (3) likidazio-fasea eta kontuak ematea, hurrengo urteko lehen hiru hilabeteetan egiten dena.
Bukatu berri da 2022ko lehen hiruhilekoa, eta beraz, 2021eko aurrekontuaren likidazioa egiteko eta kontuak emateko aurrekontu-zikloan gaude.
Hala, 2021eko aurrekontua 13.688.696,95 €-koa izan zen. Kopuru horretatik 11.226.925 €, 2020ko abenduko osoko bilkuran onartutako kopurua da eta 2.461.771,95 €, 2020ko aurrekontuaren likidazioa egin ondoren gehitutakoarekin.
Diru-sarreren lorpen-maila % 90,4koa izan da, eta gastu-aurrekontuaren gauzatzea, berriz, % 78,3koa. Horrela, 2022ko aurrekontuari 1.956.056,10 € gehitu zaizkio; kopuru hori konprometitutako kopurua da baina 2021ean gauzatu ez dena denborarik eman ez duelako. Halaber, beste 1.957.330,90 € gehitu zaizkio, erabiltzeko zain dagoen soberakina dena.
Erabiltzeko zain dagoen soberakinetik zati bat, 570.269,74 €, Alkatetzak kudeatzen duen kopurua da eta beste zati bat, 1.387.061,16 €, osoko bilkurak erabakitzen du zertan erabili eta horixe egin zuen joan den martxoaren 30ean 991.779,39 € zertan erabiliko ziren erabaki zuenean.
Ondoko estekan 2021eko aurrekontuaren likidazioaren laburpen bat ikus daiteke; bertan, udal-programetan egindako gastuari buruzko informazioa jasotzen da.