Atzo egin zuen aukeraketa epaimahaiak, eta bigarren fasean, Sorgintxuloren gainetik atera zen garaile Txirrindulari Elkartea
Atzo bildu zen epaimahaia Olaria Sarirako hautagaia aukeratzeko asmoz. Lehen fasean Telleriarteko Txirrindulari Elkartea eta Sorgintxulo Aisia Taldea aukeratu zituzten. Bigarren bueltan, bi horien arteko bozketa egin zuten, eta Txirrindulari Elkartea atera zen garaile. Beraz, elkarte horrek jasoko du maiatzaren 3an sari preziatua.
Txirrindulari Elkartearekin eta Sorgintxulorekin batera, Miguel Altolagirre, Asier Iriondo, Gabonetako Jaiotza egiten duen taldea, Iratzarri elkartea eta Alaitasuna Errondaila ziren hautagaiak, herritarrek edo udalerriko taldeek hala proposatuta.
Epaimahaia, berriz, alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banak (Bildu, EAJ, PSOE eta H1), Kepa Urzelai alkateak, aurreko urteko Olari Sariaren irabazleak (Legazpi Musika Banda), Muruazpi Elkarteak, Merkatarien Ilinti Elkarteak eta Garagunek osatu zuten.