Hilabete honetan, Idiazabal gazta-krema, intxaurrekin eta sagardo-gelatinarekin prestatzera gonbidatzen zaituztegu
Hauxe da 2022ko egutegirako hautatutako gaia: gure osasunari eta ongizateari eta gure inguruneari onurak ekartzen dizkieten tokiko eta sasoiko elikagaiak.
Sasoiko elikagaiak kontsumitzen baditugu,
- Gure baserritarren ekoizpen-ereduak babesten ditugu.
- Merkaturatze iraunkorragoa sostengatzen dugu, banaketan energia gutxiago xahutzen delako.
- Lurzorua ez pobretzen laguntzen dugu. Landareen ziklo naturalak errespetatzean, laboreak txandakatzea sustatzen da eta lurzorua gutxiago pobretzen da.
Azken batean, modu naturalean lantzen direnez, nutrizio-ekarpenak mantentzen dituzte; bitaminak, mineralak eta bestelako elikagaiez ari gara. Horrez gain, testura, itxura eta zapore egokiagoa izaten dute. Sasoiko elikagaiek kalitate hobea izaten dute biltzeko garaian bilduz gero.
Zein fruitu aukeratu dugu martxorako? Fruitu lehorrak
Fruitu lehorretan ur-kantitatea % 50a baino txikiagoa da eta karbono-hidrato gutxi dute, baina koipe eta proteina asko daukate. Erraz xurgatzen diren mineralak dituzte, hala nola potasioa, kaltzioa, fosforoa, burdina eta magnesioa.
Bitamina gutxi dute, A bitamina izan ezik. Tiamina, riboflavina eta niazinaren kopuru aldakorrak izaten dituzte. Aldiz fruitu lehorretan ugariak dira zuntz disolbaezinak, burdina, kaltzioa, magnesioa, azido folikoa eta E eta B1 bitaminak. Fitoesterolak eta beste osagai fitokimiko batzuk ere badituzte.
Folato eta magnesio asko dute eta horrek nekea murrizten laguntzen du; potasio asko izateak nerbio-sistemaren eta muskuluen funtzionamendu normala errazten du. Gainera, fruitu lehorrak burdina-iturri dira, eta immunitate-sistemaren funtzionamendu normalari laguntzen diote.
Fruitu lehor batzuek, intxaurrak kasu, bihotzeko gaixotasunak gutxitzeko gai direla erakutsi dute, odol-hodien elastikotasuna hobetzen eta kolesterol-maila kontrolatzen lagunduz, kolesterol ona handitzen eta kolesterol txarra murrizten baitute.
Bihotzaren Espainiako Fundazioak honako aholku hauek eman ditu:
- Fruitu lehorrak animalia-proteinen alternatiba ona dira.
- Gosarian –zerealei gehituta– edo otorduetan –pastaren eta barazki edo fruta entsaladen osagarri gisa– sar daitezke.
- Ez da kantitate handitan kontsumitzea komeni, digestioa zailtzen dutelako (hobe da azala ez jatea) eta kaloria-ekarpen handia dutelako (30 gramoko anoa batek 100 Kcal ditu).
- Astean 3-7 anoa kontsumitzea gomendatzen da, kontuan hartuta anoa bat 20-30 gramo fruituk osatzen dutela.
Onena gordinik kontsumitzea da, propietate eta onura guztiak aprobetxatzeko.
Ondorengo loturan, ELIKA-Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren informazio-kartel bat duzue eta bertan errezeta berezia prestatzeko azalpenak: Idiazabal gazta-krema, intxaurrekin eta sagardo-gelatinarekin.