Hilabete honetan, kalabaza errea, ahuntz-gazta eta kimuekin edo errukulakin prestatzera gonbidatzen zaituztegu
Hauxe da 2022ko egutegirako hautatutako gaia: gure osasunari eta ongizateari eta gure inguruneari onurak ekartzen dizkieten tokiko eta sasoiko elikagaiak.
Sasoiko elikagaiak kontsumitzen baditugu,
- Gure baserritarren ekoizpen-ereduak babesten ditugu.
- Merkaturatze iraunkorragoa sostengatzen dugu, banaketan energia gutxiago xahutzen delako.
- Lurzorua ez pobretzen laguntzen dugu. Landareen ziklo naturalak errespetatuz, laboreak txandakatzea sustatzen da eta lurzorua gutxiago pobretzen da.
Azken batean, modu naturalean lantzen direnez, nutrizio-ekarpen guztiak gordetzen dituzte; bitaminak, mineralak eta bestelakoak. Eta gainera, testura, itxura eta zapore egokiagoa izaten dute.
Ez ahaztu! Sasoiko elikagaiek kalitate hobea izaten dute dagokien garaian bilduz gero.
Zein barazki aukeratu dugu otsailerako? Kuia edo kalabaza
Kuia edo kalabaza elikagai aparta da hilabete hotzenetarako. C bitamina eta potasio ugari ditu. C bitaminak immunitate-sistemaren funtzionamenduari laguntzen dio, eta nekea eta akidura gutxitzen laguntzen du; potasioak, berriz, nerbio-sistemaren funtzionamendu normala izaten laguntzen du.
Gainera, ur eta zuntz asko du eta horrek, asebeteta eta ongi hidratatuta egotearen sentsazioa eragiten du. Zuntz kantitate handiak heste-igarotzea erregulatzen laguntzen du eta idorreria izateko arriskua murrizten du; gainera, kalorietan baxua denez, ezin hobea da pisua kontrolatzeko.
Kalabaza-barietate eta -kolore asko daude: zuria, horia, berdea, beltza, marraduna... Euskadin gehien lantzen dena luzexka da, baina, kalabaza biribila ere lantzen da, 50 kiloko pisua har dezakeena, eta zapore gozoduna. Forma eta kolore desberdinetako kalabazak izaten dira.
Horregatik, elikagaia izateaz gain, apaingarri gisa ere erabiltzen dira, Arimen gauean adibidez.
Jakin dezazuen, Kuia lizundu ez dadin, kanpoaldea ilerako lakaz bustitzen da eta barrualdea ozpinaz.
Duela bost mende baino gehiago iritsi zen Euskal Herrira, Hego Amerikatik zetozen itsasontzietan.
Ondorengo loturan, ELIKA-Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren informazio-kartel bat duzue eta bertan errezeta berezia prestatzeko azalpenak: kalabaza errea, ahuntz-gazta eta kimuekin.