Hasita daude Kapela Dantza eta Larrain Dantza ikastaroak
Urteak dira Legazpiko Sustraiak Dantza Taldeak, Legazpiko Udalaren laguntzarekin, Kapela Dantza eta Larrain Dantza emanaldiak eskaintzen dituela Santikutz jaietan, dantzazaleak diren herritarren partaidetzarekin.
Aurten ere, asmo bera dute, eta horretarako, doako ikastaro irekiak antolatu dituzte, interesa duten legazpiarrek bi dantza horiek ikas ditzaten.
Martxoaren 3an hasi zituzten entseguak. Asteartetan eta larunbatetan elkartzen dira, Sustraiak Dantza Taldearen lokaletan; hurrenez hurren, 20:15ean eta 17:00etan.
Dantzak ikasi nahi dituen orok ateak irekita izango ditu, eta egun horietakoren batean lokalera azaltzea besterik ez du izango.
Kapela Dantzak, 20 urte
Kapela Dantzak bigarren hamarkada beteko du aurten. Santikutz Txiki egunean (maiatzaren 4an) egin ohi zen ekitaldi hau Sustraiak Dantza Taldeak berreskuratu zuen 1996an. 2011tik aurrera, ordea, Mirandaola Egun bezperan egiten da, maiatzaren 4a herritar askorentzat ez baita jaieguna izaten.
Kapela Dantza, azken batean, maiatzaren 3an “dantzari ofizialek” egiten duten Soka Dantzaren errepikatzea da, baina herritarrek modu informalean egina.