pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Abendua asmakizunaren erantzuna: Arkatza
05
Urt
2022

Abendua asmakizunaren erantzuna: Arkatza

Makina bat istorio sortzen dituen makilatxo magikoa

Makina bat istorio sortzen dituen makilatxo magikoa

 

Zer dela eta zer dela? Hasieran luzea eta bukaeran laburra. Ez buru, ez hanka eta ez hezurra. Hazi beharrean txikituz doa. Hau ez da gezurra; edozer egin dezake, etxea ala autoa, zuhaitza ala egurra. Atzamarretatik ihes egiten digunean ematen diogu agurra.

Horixe zen asmakizuna. Eta askok asmatu duzue, bai: ARKATZA da erantzuna, makilatxo magikoa. Makina bat kontu ateratzen da bertatik…

Amaigabeko arkatzak sekulako aukera ematen digu nahi dugunaz idazteko. Eta horixe bera egin dugu urtarrilean hasi ginenetik egutegiko orrialdeetan udal euskaltegiko kideen laguntzaz, betiere, euskara ardatz hartuta.

 

Eta abenduan, zer berri? Abenduan, Euskararen egun handia ospatzen dugu, izan ere, abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da.

Bide batez, argitu dezagun arrazoia: Frantzisko Xabierkoa, izan dugun euskaldun ezagunenetako bat, abenduaren 3an hil zen 1552. urtean, Txinan, eta diotenez, hilzorian zegoela, txinatarrentzat hitz arrotzak zirenak esaten hasi omen zen. Guretzat, ordea, ezagunak izango ziren, euskaraz ari baitzen, ama-hizkuntzan. Data hori aintzat hartuta, 1930. urtean Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Egun izendatu zuen abenduaren 3a. Edonola ere, azken urteetan indarra hartu duen lemak dioen bezala, abenduaren 3az gain, urteko egun guztiak dira euskararen egun.

 

Amaitu den 2021. urtea ere ez da makala izan. Nork esango zigun guri mundu mailako izurrite batek eragingo zigunik! Eta hementxe gaude, ekin eta ekin, iristear dagoen urtea hobea izango delakoan… Gauza harrigarriak gertatzen dira, bai, gutxien espero dugunean. Nork esango zien gure xaharrei beren seme-alabek eta bilobek eskolan euskaraz ikasteko aukera izango zutenik, aurretik bizitutakoak bizitu eta gero!

Hemendik oso gertu, Arantzazun zehazki, egin zuen lehenengo bilera Euskaltzaindiak Euskara Batua izango zenaren oinarriak jartzeko, Euskara Batuaren lehen arauak finkatzeko, alegia. Ezinbesteko pausua edozein hizkuntzaren normalizazio eta biziraupenerako. 1968. urtea zen. 50 urte pasa. Gaur egun, Legazpiko ume guztiek ikasten dute euskaraz.

Gorriak pasa ditu euskarak eta guk ere hala-nolakoak. Edonola ere, kolpeak kolpe, aurrera goaz, hizkuntza bezalaxe, gu geu ere.

Albiste guztiak