Lau hilabeteko aurreneko fasean lokal bat alokatzea lortu da
Duela lau hilabete jarri zen martxan Dendak Aktibatu egitasmoa, Legazpiko Udalak eta Ilinti Merkatari Elkarteak sustatuta. Denbora tarte honetan, 8 saltokik euren produktuak ikusgai jarri dituzte hutsik zeuden beste hainbeste erakusleihotan, eta aurreneko fasea amaitzerako, lortu da helburuetako bat: Ekei lokala alokatu du proiektuan parte hartu duen saltoki batek.
Horregatik, bi erakusleiho gutxiagorekin hasiko dute martxoaren 6tik aurrerako bigarren fasea. Aurrekoan bezalaxe, Kale Nagusia eta Laubide izango dira ardatz nagusiak.
Ilintik dagoeneko egin du zozketa interesa duten guztien artean, eta erabakita dago zer sei saltokik apainduko dituzten hutsik dauden 6 erakusleihoak.
Tessaik Compro Ororen lokala erabiliko du, Attikok Zuk Eskuzena, Nahigok Dena 100era dendako erakusleiho nagusia, Leo Estetikak Dena 100era dendako erdiko erakusleihoa, Idoia Oinetetakoak Dena 100era dendako ezkerreko erakusleihoa eta Kailasek Laubidekoa.
Era horretan, saltoki horiek euren produktuak ikusgai jarri ahal izango dituzte ohikoa ez duten eremu batean, eta erakusleihoen jabeek euren lokalak saldu edo alokatzeko aukera izango dute.