Erakusketa bisitatzeko epea luzatu egin da, eta igandeetan, 11:30etik 13:30era bisitatu ahal izango da, urte bukaera arte
Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, Iker Goiria, atzo hurbildu zen Legazpira, “Zineak 100 urte Legazpin” erakusketa bisitatzeko eta gure udalerrian dagoen turismo-eskaintza babesteko.
Berarekin egon ziren, Udalaren izenean alkatea eta Maite Lombide eta Iñigo Imaz zinegotziak, Urola Garaia mankomunitateko turismo-arduraduna Amaia Reta, Lenbur Fundazioko zuzendaria Agurtzane Elustondo eta erakusketa egin duten taldeko Aurelio Gonzalez.
Bisitan zehar, Turismo zuzendariak Gipuzkoako barrualdean dagoen turismo-eskaintza eta Aldundiak eskaintza horri balioa emateko duen borondatea nabarmendu zituen; izan ere, Aldundiaren turismo-estrategiaren parte da barrualdeko turismoa sustatzea, hondartzako turismoa ez bezala, barrualdekoa urte osoan dagoelako martxan.
Udalaren aldetik, alkateak gogora ekarri zuen pandemiak oso gogor jo duela turismoa Legazpin; izan ere, 2019an 30.000 bisitari izatetik 2020an 6.500 bisitari bakarrik izatera igaro da, eta barneko eskaintza turistikoa zirkuitu nagusietan sartzeko beharra azpimarratu zuen.
Mirandaolako burdinola ikusteko eskola-bisita bat programatuta zegoela aprobetxatuz, Aldundiako Turismo-Zuzendariak, Iker Goiria, aukera izan zuen burdinola martxan ikusteko eta bertan lan egiten duten olagizonekin hitz egiteko.