Ohiko autobusaren tokian, Eskoriatzaraino joango den zirkularra ibiliko da; eta gutxi gorabehera ordu erdian behin pasako da
Gipuzkoako Foru Aldundiak herri arteko autobus zerbitzua hobetzeko pausoa eman du, eta ondorioz, datorren igandetik aurrera, martxoak 1, LurraldeBUS zerbitzu berriak eta ordutegi gehiago izango dira hainbat eskualdetan; tartean, gurean.
Zerbitzu berriari esker, Legazpitik Eskoriatzara arteko bidea egin ahal izango da, Zumarragatik pasata, zein Oñatitik pasata. Eta ordutegia ere benetan zabala izango da, lanegunak eta jaiegunak bereizita.
Zumarraga, Antzuola, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza norabidea hartuz gero, esaterako, astelehenetik ostiralera, goizeko 05:30ean izango da lehen autobusa, eta 23:25ean azkena. Larunbatetan, berriz, 07:00etan lehena eta 01:30ean azkena. Eta igande eta jaiegunetan, 09:00etan lehena eta 23:00etan azkena.
Kontrako norabidean, bestalde; alegia, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza bidea hartuz gero, astelehenetik ostiralera, 06:15ean pasako da lehena eta 23:40ean azkena. Larunbatetan, 08:00etan lehena eta 01:00etan azkena. Eta igande zein jaiegunetan, 10:00etan lehena eta 00:00etan azkena.
Lehen baino maiztasun handiagoarekin
Hobekuntzen artean izango dugu, autobusak, oro har, ordu erdian behin pasako direla. Zumarraga aldera, eta ondorioz, ospitalera joateko, eta erdietan eta puntuan izango da. Ospitaletik bueltan, berriz, eta 35ean eta puntuan. Dena den, badira salbuespenak, eta ondorioz, ordutegia eskura izatea komeni da.
Geralekuei dagokienez, Legazpin bertan, geraleku ugari izango ditu autobusak, norabidearen arabera. Oñatira bidean doan autobusak, esaterako: Urolako industrialdeko biribilgunea (ekonomatoa), Santikutz, Gureak (ordu jakin batzuetan), Laubide, San Ignazio (Muru), Saturnino Telleriako biribilgunea eta Bikuña-txiki. Zumarragara bidean, berriz, honako hauek: Bikuñako industrialdea, Aizkorri, Patrizio Etxeberria kalea (Ekei), Santikutz, Laubide, Gureak (ordu jakin batzuetan), San Ignazio (Muru), Urolako industrialdeko biribilgunea eta Zaldu.
Ordutegiak gure web orriko Garraioak atalean
Informazio gehiago www.lurraldebus.eus helbidean.