Brinkolako Arriurdin elkarteak sustaturik, eta auzoan bertan izango den hitzaldian jorratuko denaren laburpentxo bat duzue ondoren.
Duela mende erdi Euskal Herriko ibai gehienak egoera penagarrian zeuden. Geroztik administrazioek lan handia egin dute uraren kalitatea hobetzeko, eta poliki-poliki bizia itzultzen ari da gure ibai eta erreka askotara. Izokinaren itzulera famatua izan da zentzu honetan. Dena den, arazo guztiak ez dira konpondu: kutsatzaile berriak ageri dira gure ibaietan, habitat fisikoa oso degradatuta dago, eta zenbait espezie, hala nola ibai-karramarroa, ur-satorra eta bisoi europarra, oraindik gainbeheran daude. Gainera, gure ibaien gainean oraindik presio handia ezartzen dugu, adibidez, baso-jarduera okerrekin, zentral hidroelektrikoekin, edo nekazaritza intentsiboarekin. Ibaiek sekulako garrantzia dute gizartearentzat, eta beraz, beraz, ekosistema hauen dibertsitatea eta funtzionamendua berreskuratzeko lan handia dugu aurretik. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da berauen egoera ondo aztertzea, gehien kaltetzen dituzten arazoak konpontzea, eta ibai naturalen portaera ezagutzea. Honetan ari gara Euskal Herriko Unibertsitateko ibai-ekologia taldean, ikerketa zientifikoa kudeaketarekin uztartzen, ingurumenaren egoera hobetzeko. Gure inguruan arazo ugari ikus daitezke oraindik, baina baita mundu osoan eredugarriak diren adibideak. Bietatik ikusiko ditugu hitzaldi honetan.