Dagoeneko egin daiteke txosnak jartzeko baimen eskaera, eta martxoaren 17ra arteko epea izango da horretarako
Aurreko asteazkenean egin zen jaiak antolatzeko lehen bilera. Herriko hainbat elkartetako ordezkariek parte hartu zuten, eta proposamen ugari egin zituzten. Horiek guztiak kontuan hartuko dira; izan ere, Santikutz jaiak askotarikoak eta guztien artean antolatutakoak izatea da helburua.
Bestalde, dagoeneko irekita dago txosnak jartzeko baimen eskaera egiteko epea, eta martxoaren 17an amaituko da. Azken urtean herrian ekintzak gauzatu dituzten herriko elkarte edo taldeek egin ahal izango dute eskaera. Horretarako, interesa dutenek Legazpiko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzura jo beharko dute, eta eskaera egiteko inprimakia beteta aurkeztu. Harreran bertan eta udalaren webgunean (www.legazpi.eus) eskuratu ahal izango da inprimakia.
Eskaera orriarekin batera, bestalde, talde bakoitzak kideetakoren baten NANren fotokopia eta talde edo elkartearen IFKren fotokopia aurkeztu beharko ditu.
Maiatzeko jaietarako ere Agorreko jaietako toki berean jarriko dute txosna; alegia, elizaren atzealdean. 15x10 neurrikoa izango da, eta agertoki txiki bat izango du.