Pipitaki papataki, zer den nork daki? Zerutik bota eta hautsi ez, uretan erori, eta orduan hautsi. Gezurra dirudi, baina halaxe da. Zerutik botata ere, ez litzateke hautsiko; eta uretan, berriz, berehala galduko litzateke. Zer ote? Ba(da), bai, PAPERA da erantzuna. Hori da marka, hori! Batzuetan hain sendo eta beste batzuetan hain hauskor.
Papera gizakiaren asmakizun handienetako bat da. Horri esker, mendeetako jakituria jaso eta transmititu du gizakiak. Paperari esker jakintsuagoak gara, aberatsagoak, eta gure sustraiak hobeto ezagutzen ditugu, baita gure hizkuntzarenak ere, eta horretaz hitz egingo dugu gaurkoan.
Linguae Vasconum Primitiae. Hauxe da euskaraz idatzitako lehen liburua, Bernart Etxeparek idatzia eta 1545ean argitara emana.
Bernart Etxeparek ikusi zuen, halaxe baitio liburuaren hitzaurrean, ordura arte ez zegoela euskaraz idatzitako libururik eta berea izango zela lehenengoa. Euskarak literaturan ere etorkizunik bazuela ikusi zuen. Koldo Mitxelena hizkuntzalariak esan bezala, euskarak sarrera paregabea egin zuen literatura idatzian liburu honi esker.
Hiru gai hartzen ditu Etxepareren liburuak: erlijioa, maitasuna eta euskara. Azken poemak euskarari eskainiak dira eta gureganaino iritsi dira. Liburuaren orrietan gaur, ia 500 urte geroago alegia, guztiok ezagutzen ditugun hitzak ageri dira: “Euskara, jalgi hadi plazara”eta “Euskara da kanpora eta goazen oro dantzara”.
Ehun urte geroago, 1643an, Gero izeneko liburua argitaratu zen; Axularrek, Pedro Agerre Azpilikuetak lapurteraz idatzia. Gaur egun horren modan dagoen prokrastinazioaz ari da liburuan: “Zenbat kalte egiten duen, luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak”. Bitxia da kontua. Laurehun urte geroago ere orduko kezka berberak gure artean. Hor dugu Etxerape Rap abeslari gaztea, hitz horiek musikatu eta eskura jarri dizkiguna.
Ehun urte inguru geroago, Manuel Larramendik gramatika liburu bat idatzi zuen: El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Vascongada. 1729an argitaratu zuten eta euskaraz “Ezina egina” izenburua jarri zion.
Garai hartan, hebreerak, grezierak, latinak eta horien eratorriak ziren gramatika idatzia zuten bakarrak. Gainontzeko hizkuntza guztiak, euskara barne, jende ezjakinaren hizkeratzat hartuak ziren eta ez omen zuten paperean jasotzerik merezi. Uste horri aurre eginez idatzi zuen liburua Aita Larramendik eta horregatik liburuaren izenburua: "Ezina egina".
XIX. mendea oparoa izan zen euskal literatura klasikorako. Idazle askok sortu zituzten literatur lanak. Bertso-paperak ugaritu ziren, alegiak, ipuinak eta antzerki-lanak ere bai, eta euskara eta euskal kultura sustatzeko ekitaldi ugari antolatu ziren han eta hemen. Dialektologia lanak ere egin ziren. Garai emankorra izan zen benetan, eta izen asko utzi zituen euskara eta euskal literaturari lotuak.
XX. mendearen azken hamarkadetan idazle asko ezagutu ditugu: Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Ramon Saizarbitoria, Patxi Zabaleta, Joseba Sarrionandia, Arantxa Urretabizkaia, Asier Etxeberria, Joxe Agustin Arrieta, Edorta Jimenez, Inazio Mujika Iraola, Joan Mari Irigoien, Jon Etxaide, Yolanda Arrieta, Jon Mirande, Txillardegi, Miren Agur Meabe eta abar eta abar. Pertsona askok, horiei esker, izan du harremana euskal literatura idatziarekin. Euskadi Literatur Saria ere mende honen azken hamarkadan sortu zen.
Ibilbide luzea egin du euskarak paperean XVI. mendetik XXI. mendera. Ez da alferreko bidea izan. Egingo ahal ditu beste hainbeste!