pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Uztaileko egutegiaren asmakizunaren erantzuna: Guraizeak
03
Abu
2021

Uztaileko egutegiaren asmakizunaren erantzuna: Guraizeak

Adingabeek heldutasun lexikoa lortzeko tresna diren hitz jostariei erreparatuko diegu.

Zer ote, eta zer ote? Puntan bi punta eta atzean bi zulo dituena? Eta hileko orrialdean ume mordoa ageri da lurrean etzanda mural baten inguruan, eta gehixeago erreparatuz gero, irudiaren erdi parean guraize arrosak.

 

Eta horixe zen, hain zuzen ere, asmakizunaren erantzuna: GURAIZEAK edota artaziak. Puntan bi punta ditu, hobe zorrotzak, eta atzeko heldulekuan bi zulo. Eskoletan, udalekuetan, lorategietan, kirofanoetan, arraindegietan, ileapaindegietan… nonahi ditugu guraizeak, beti prest, batzuetan zorrotzago, kamutsago beste batzuetan, ebakitzeko pronto beti.

 

Umeek guraizeekin bezala, hizkuntzak hitzekin jolasten du askotan. “Pipitaki, papataki” jakin aditzarekin jolasten duten hitzekin hasi ditugu asmakizunak, hitz jostariak. Eta beste hitz jostari polit batzuk bilatzen ibili gara:

  • Tipili-topolo esaten dugu umetxoak edo adineko pertsonak trakes samar dabiltzala adierazi nahi dugunean.
  • Ikusi-makusi hitz jokoa erabiltzen dugu zer asma jokorako.

Bistan denez, bokalak eta kontsonanteak aldatuta eraldatzen dugu hitza jolas puntua emateko:

  • Binbili-bonbolo, zizka-mizka, esamesa, duda-muda, xiri-miri, firin-faran, tipi-tapa

Hizkuntza bezain zaharra da hizkuntzarekin jolasteko ohitura eta gizakiaren alderdi ludikoa erakusten du, alderdi magikoa.

 

Batzuetan, goxotasuna adierazi nahi izaten dugu aukeratutako soinuen bidez: mara-mara; loa loa txuntxurrun berde

 

Beste batzuetan, zakarkeria: burrunda; durundia; karraka; trumoia

 

Magia ere bai: ikimilikiliklik; artxila murtxila; baga, biga, higa

 

Naturaren soinuak eta onomatopeiak ugariak dira:

Zaunka egiten du txakurrak; bor-bor eltzeak; plisti-plasta egiten dugu uretan; xapi! esaten diogu katuari alde egin dezan; trakatan-trakatan doa zaldia; korrok egiten du gizonak sabela ondo bete eta gero, eta zanga-zanga gogotik edaten dugunean; txutxumutxuka ibiltzen da jendea kalean; eta ixo! esaten diegu isilarazteko; kosk egiten diogu ogiari; zintz mukiak kentzeko; xirrist egiten dugu platano azala zapalduta, eta punba lurrera erortzen garenean; txin-txin egiten du diruak; dilin-dalan kanpaiak, din-dan erlojuak, txirrin txirrinak eta danba! ateak, zakar ixten dugunean.

 

Ume hizkeran ere horrelako asko ditugu, umeak zuzen hitz egiten hasi aurretik ikasten dituenak komunikatu ahal izateko: 

 

Pa ematen diogu umeari; apapa joaten gara eskutik hartuta; apatxin esertzen dugu magalean; lo-lo egiten du haurrak; txitxia jan eta mama goxoa edaten du; fu egiten diogu zopa beroari; tilin-talan ibiltzen da batera eta bestera gure besoetan… Bistan denez, txiki-txikitatik jolasten dugu hizkuntzarekin.

 

Eta horietako asko abestietan ere azaltzen zaizkigu. Zuek ere entzungo zenituzten:

  • Txintxin-txintxin diruaren hotsa…
  • Mahatsaren orpotik dator mama goxoa…
  • Tilin-talan-tolon, din-dan boleran…
  • Binbili-bonbolo zein da lo…
  • Trakatan-trakatan hiru errege…
  • Ikusi-makusi zer ikusi…
  • Baga, biga, higa, laga, boga, sega (…) xirristi-mirristi gerrena plat, olio zopa, kikili salda, urrup edan edo klik, ikimilikiliklik…

 

Eta datorren hilabetean zer ote, eta zer ote? Pipitaki papataki nik badakit!

Albiste guztiak