Joan den ostiralean, uztailaren 23an, amaitu zen ingurumenarekiko sentsibilizaziorako "Poltsarik? Ez, badut nirea" izeneko eskualdeko kanpaina. Urretxun, Zumarragan eta Legazpin gauzatu da, 8 astez.
Erosketetan erabili eta botatzeko poltsarik ez erabiltzea zen kanpainaren helburua. Horretarako, poltsa berrerabilgarriak banatu dira Urola Garaiko hiru udalerritan, doan.
Lortutako emaitzak oso onak izan dira. Kanpainari atxikitako eskualdeko 17 dendetan (fruta-dendetan eta supermerkatuetan) erabili eta botatzeko 7.404 poltsa ez erabiltzea lortu da.
Kanpainaren datuak Legazpin:
• Erabili eta botatzeko 4.038 poltsa erabiltzea saihestu da; hau da, eskualdean erabili eta botatzeko saihestu diren poltsa guztien % 54.
• Eskualdeko kanpainan parte hartu duten 1.234 pertsonetatik 673 legazpiarrak izan dira. Erdia baino gehiago!
• Daturik deigarriena da kanpainan parte hartu duten 10 pertsonetatik 8 emakumeak izan direla.
• Parte hartu duten 17 saltokietatik 6 Legazpikoak izan dira.
Udalak oso positibotzat jo du legazpiarrek kanpainan izan duten parte-hartze handia, eta eskerrak eman nahi dizkie ingurumen-sentsibilizazioko ekimen honi atxikitako 6 dendei: Mari Carmen fruta-denda, Sustrai Lau Bide, Sustrai Nafarroa kalea, Super BM, Eroski City eta Eroski.
2021eko urtarriletik debekatuta daude plastiko arineko poltsak. Horregatik, fruta-dendetan eta supermerkatuetan poltsa konpostagarriak edo paperezkoak erabiltzen dituzte.
Beraz, kanpaina honetan saihestu diren poltsak ez dira plastikozkoak izan, konpostagarriak eta paperezkoak baizik.
Hala ere, egokiagoa da berrerabilpena bultzatzea. "Hondakinik onena sortzen ez dena da".
Bukatzeko, erosketak egiteko garaian poltsa berrerabilgarriak erabiltzeko ohiturari eustera animatzen ditugu legazpiarrak. Helburua: hondakinik ez sortzea.