Hurrenez hurren, energia berriztagarriak eta finantza printzipio etikoak sustatzea izango da helburu nagusia
Urtarrileko osoko bilkuran onartu zen moduan, Legazpiko Udala, batetik, energia berriztagarriak bultzatzen dituen Goiener kooperatibako bazkide laguntzaile egingo da, 1.000 euroko kapitala jarrita. Eta, bestetik, Fiare Banca Popolare Etica erakundeko bazkide egingo da, 1.800 euroko akzioak erosita.
Bi erakundeetako bazkide eginda, udalak beste pauso bat emango du interes ekonomiko handiak lortzeko baino gehiago, pertsonen onurarako izango den sistema bat sortzeko.
Goiener kooperatiba, Goierrin sortu eta Ordizian kokatuta dagoena, energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko proiektua da, energia subiranotasuna lortzeko asmoz. Hala, kontsumitzaileari erreparatu baino gehiago euren zilborrari begiratzen dioten energia enpresa handien oligopoliotik ihes egitea da helburua, energia berriztagarrien aldeko apustua eginda. Eta, hala, herritarrek oinarrizko ondasun honekiko kontrola berreskuratzea eta horren garrantziaz jabetzea. Nola? Energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra bultzatuz.
Goienerrek enplegu berdea deritzona ere sustatuko du, 1.000 bazkideko lanpostu bat sortzen baita.
Irabazi-asmorik gabeko bankua
Fiare Banca Popolare Etica izenekoak, berriz, Bilbon dauka egoitza. Beste zeinahi banku bezalakoa da zerbitzuei dagokienez, baina gainerakoak ez bezala, irabazi-asmorik gabekoa eta gardena da. Bertan dirua sartuz gero, diru hori nora bideratzen den jakin ahal izango dugu (nazioarteko lankidetza, osasuna, hezkuntza...), eta norbanakoak ere izango du aukera proiektuak aurkezteko.
Azken batean, aurrezki kutxek hasiera batean zuten gizarte egitekoa berreskuratzea izango da Banka Etikoaren helburua. Pertsonak izan daitezen diru horren onuradun.