Nerabeentzako Zerbitzua azken txanpan dago, oporrak hartzeko egun gutxi falta direnean.
Berriz ere nerabeen parte-hartzea eta inplikazioa izan ondoren, hasieran programatutako jarduerak birformulatu dira, eta horrela geratu da hurrengo egunetako programa:
- Uztailaren 15ean eta 16an, gazte talde batek muralak margotuko ditu Gazte-txokoan eta bazkari batekin amaituko dute.
- Uztailaren 21ean, uztaileko ostiraletako dinamika aldatu eta hezitzaile taldea kalera aterako da nerabeekin harreman hezitzailea mantentzeko, indartzeko eta, hala badagokio, eraikitzeko.
- Uztailaren 22an, Play eta ping-pong txapelka izango dute.
Positiboa da hezitzaile taldeak orain arte egindako jarduerei buruz egiten duen balorazioa.
17 eta 18 urteko neska talde batekin Donostiara hurbildu ziren ‘Escape room’ batean parte hartzera, eta 15-18 proiektuan parte hartzen duen talde horrek berak hilekoari buruzko prestakuntza-saio bat jaso zuen ekainean, Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuarekin lankidetzan.
Nerabe gazteenen talde ezberdinak ere Donostiara joan dira beste ‘Escape room’ batzuetan parte hartzera eta hondartzara, eguraldiak asko lagundu ez zuen arren. Nerabeen sormena agerian geratu zen tindatu zituzten kamisetetan eta poltsetan, eta oso lan politak egin zituzten.
Nerabeentzako Zerbitzua zerbitzu segurua da, eta bere dinamika, jarduera eta interakzio guztietan hainbat neurri hartzen ditu Covidari aurre egiteko. Irailaren 1ean, hezitzaile taldea prest egongo da bere gizarte- eta hezkuntza-lanari berriz ekiteko eta Covid-ak ahalbidetuko duen egoerara moldatuko da. Hezitzaile-taldea 11 eta 17 urte bitarteko gazteak dauden lekuan egongo da, kalean, sare sozialetan eta Gazte-txokoan.
Ordura arte, gozatu udaz!