pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Ekaineko egutegiaren asmakizunaren erantzuna: Puzkerra
02
Uzt
2021

Ekaineko egutegiaren asmakizunaren erantzuna: Puzkerra

Asmakizunean JO aditza sartu dugu. Hitz motza,indartsua eta esanahiz beteta delako

San Juan eguneko eskopetarien tiroak gogoan, sartu genuen asmakizun hau ekaineko orrian, eta hortxe geratu da aurten, ekaineko orrian argazkia. Aurten eskopetariek ez dute tirorik bota baina izango dute horretarako aukera aurrerantzean.

“Tiroa behera bota eta sudurrean jo!”  Bitxia da, egia esan, jo aditza. Hitz motza, indartsua eta esanahiz betea, eta hainbat eta hainbat adiera dituena. Irakurtzen jarraitu baino lehen, baten bat bururatuko zaizu zuri ere...

Bestela, Elhuyar hiztegira jo, eta zerrenda luzea aurkituko duzu. Hara:

 

·        Jo, kolpatu  : Edozein gauza jo dezakegu, edozein gauzaren kontra jo dezakegu…

Hondoa jo zuen txalupak angulatan zebilela.

Bi autok elkar jo zuten atzo Zumarragarako bidegurutzean.

Garai batean ohikoa zen umeei jotzea eskolan.

 

·        Atea/aldaba/txirrina jo: Inora sartu nahi dugunean jotzen dugu atea, aldaba edo txirrina.

Postariak bitan jotzen du atea.

 

·        Txalo(ak) jo: Hobe txaloak jotzea txistua egitea baino, ezta?

Txalo jo zioten, ondo merezita.

 

·        Eguzkiak jo, haizeak jo, euriak jo, trumoiak jo. Eguraldiaz ari garenean ere jo aditza erabiltzen dugu.

Goizetik jotzen du eguzkiak Legazpiko plazan.

Haizeak gogotik jotzen dut kale kantoian.

Trumoiak jo eta berehala ikusi genituen tximistak.  

 

·        Gaixotasunak, gaitzak, maiteminak… zerbaitek gogor jo. Eguzkiak, haizeak eta euriak bezala, gripeak, eztulak, COVID-19ak eta beste gaitz batzuek ere jotzen digute gogor.

Ohean geratu zen, buruko minak jota.

Pneumoniak jota hil zen gure amona.

Tomatea herdoilak jota dago.

 

·        Hordago/enbido jo. Karta jokoan ibiltzen direnek badakite zer den.

Hordago jo zuen batak, atzera egin zuen besteak.

Enbido ederra jo diozu!

 

·        Txirrinak/alarmak/kanpaiak/hamarrak/oilarrak jo. Txirrinak jo, alarmak jo, kanpaiak, hamarrak ala oilarrak jo, beti erne egotea komeni da.

Elizako kanpaiek egunero jotzen dute ereserkia goizeko bederatzietan.

 

·        Musika tresna bat edo pieza bat jo. Gogoan izan: ez da gauza bera atea edo biolina jotzea, baina bietarako erabiltzen dugu jo aditza.

Txistua jotzen abila da.

Fandangoa eta arin-arina jo zituen erromeria hasteko.

 

·        Nonbaitera/nonbaiterantz/norbaitengana jo. Xede batekin jotzen dugu nonbaitera edo norbaitengana.

Bide horretatik ezin dugu jo.

Bertan afalduko dugu, urrutira jo gabe.

Norengana jotzen duzu arazoren bat duzunean?

Zuregana jo beste aukerarik ez nuen.

 

·        Lehengora jo. Gauza gutxi dago, berez, beti lehengora jotzen duena, belakia da bat. Gizakiok, ordea, honengatik edo hargatik sarritan jotzen dugu lehengora edo betikora.

Lehengo forma hartzera jotzen du belakiak (esponja), ondo estutuagatik.

 

·        Zenbat urte/ zenbat euro/ zenbat… jo. Gutxi gorabeherako kalkulua galdetzeko erabiltzen dugu.

Zenbat urte jotzen dizkiozu amonari?

Oso merke erosi dut. Zenbat euro jotzen duzu?

 

·        Jo dezagun... Egoera hipotetiko batean kokatu nahi dugunean jo aditzaren bidez egiten dugu.

Jo dezagun Legazpin ez dagoela kotxez sartzerik. Zer egingo zenuke?

 

 

Horiez gain, badira beste mordo bat, horiek ere ezagunak, esate baterako, aurrera jo, jo eta su, tontotzat jo, larrua jo, begiz jo, adarra jo… Jo dezagun horietako ia denak ezagutzen dituzula, zenbat dira, ordea, erabiltzen dituzunak? Hizkuntza aberatsa dugu. Atera diezaiogun probetxua! Jo dezagun aurrera!

Albiste guztiak