Urteak dira Legazpiko Sustraiak Dantza Taldeak, Legazpiko Udalaren enkarguz, Larrain Dantza eta Kapela Dantza kaleratzen dituela Santikutz jaietan, dantzazaleak diren herritarren partaidetzarekin.
Aurten ere, asmo bera dute, eta horretarako, doako ikastaro irekiak antolatu dituzte, interesa duten legazpiarrek bi dantza horiek ikas ditzaten.
Martxoaren 11n hasiko dituzte entseguak. Asteazken eta larunbatetan elkartuko dira, Sustraiak Dantza Taldearen lokalean; asteazkenetan, 20:15ean eta larunbatean, 17:00etan.
Dantzak ikasi nahi dituen orok ateak irekita izango ditu, eta egun horietakoren batean lokalera azaltzea besterik ez du izango.
Larrain Dantza Maiatzaren 3an egiten da bi saiotan, lehena Euskal Herria plazako Ezpata-dantza Ekitaldiaren amaieran eta bestea Kale Nagusian 14:00etan.
Kapela Dantza berriz, aurten maiatzaren 9an egingo da, eta egun guztiko festa izaten da. 12:00etan egiten da lehen saioa Euskal Herria plazan, eta ondoren kalez kale eta tabernaz tabernako txanda izaten da.